Espero bako omenaldi hunkigarria jaso dute Durangoko bi emaginek

Anboto 2015ko abe. 19a, 09:00

Ama talde batek euregaz egindako lana eskertu gura izan die Kata Legarra eta Miren de la Iglesia emaginei. Bazkaria egin zuten eguenean elkarrekin, Plateruenean.

Durangaldeko 20 amak keinu polita eduki dute euren emaginekin. Umea eduki aurretik, ostean eta esnea emateko tailerrean euregaz egindako lana eskertu gura izan diete, Beronika Solagurenek azaldu duenez. 20 bat ama egon dira bazkarian, eta emaginei sorpresa eman diete, opari eta guzti.

"Ez nuen espero halakorik, eta emozionatuta nago. Itzela izan da, oso polita", esan du Legarrak. Amekin duten lotura berezia dela azaldu du: "Euregaz, nik nire umekin bizi izan nuena bizitzen dut. Hainbat aholku ematen dizkiet: lasaitzeko, umeekin lo egitea oso ona dela, bularra ematea oso ona dela, lo gutxi egitea normala dela... Emagina barik, euren arteko beste bat naiz".

"Kristoren lana"
Emaginentzako berba ederrak eduki ditu Beronika Solagurenek: "Bai Miren eta bai Kata oso emagin onak dira, kristoren lana egiten dute gurekin. Ama berriak gara, eta umea eduki eta noraezean geratzen gara norekin hitz egin jakin gabe". Egoera ezezagun horretan iparra izan ei dira eurentzat. Solagurenek esan du normalizatua ez dagoen zaintza eredu bat lantzen duela gainera; hasieratik umeagaz lo egiten dute etxean, titia eskatzen duenean soilik ematen dio, eta papilla bako elikadura ematen dio. Gizartean dauden aurreiritziak gehituta, umea edukitzeko egoera ezezagun hori gaitzagoa bihurtzen dela dio Solagurenek, baina horren aurrean, tailerrean babestuta sentitu dela nabarmendu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!