Durangon, gizarte politikarako inbertsioa %20 igotzea proposatu du gobernuak

Anboto 2015ko abe. 17a, 16:00

EAJ eta PSE-EEren gobernu koalizioak 2016rako udal aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu dute. 31,2 milioi euroko aurrekontua proposatu dute, eta ezaugarririk esanguratsuena, gizarte politikarako inbertsioak %20 handitzea. “Aurrekontu orekatua, errealista, eta, batez ere, aurrekontu soziala” da Aitziber Irigoras alkatearen esanetan.

Pilar Ríos alkateordeak aurrekontuan hiru ardatz estrategiko jasotzen direla azaldu zuen. Lana, gizarte ekintza eta berdintasuna. Lana eta formazioaren arloan 470.000 euro bideratzea proposatu dute; Durangon, 1.688 langabe daude (966 emakumeak dira), eta horien kontratazioa bultzatzea beharrezkoa dela uste dute. Gizarte ekintzari lotuta, nobedade bat dakarte zirriborroan: pertsona nagusientzako jantoki bat sortzea, nagusien egoitzan. Gainera, JAEDen pobrezia energetikoaren aurkako kanpaina ere babestuko dute, eta alokairu programa indartu ere bai, besteak beste. Bestalde, garrantzi berezia eman zion Riosek berdintasun arloari. Jabekuntza Eskola indartzea eta Hiri Debekatuaren Mapa eguneratzea gura dute.

Bestalde, 127.000 eurogaz administrazio elektronikoa martxan ipintzea da beste ideia bat, bilkurak aho batez onartutakoa. Beste inbertsio batzuk udal soberakinetik egingo lituzkete, urtean zehar erabakita.

Zergak, bere horretan
Aurrekontua osatzeko beharrezkoak dira herritarren zerga eta tasak. EAJk eta PSE-EEk bere horretan mantentzea proposatu dute, igo barik.

Aurrekontuari zuzenketak egin ahalko dizkiete urtarrilaren 15era arte, eta batzordeetan landu ostean, osoko bilkuran eztabaidatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!