Durangoko kale, plaza edo areto bati 'Euskaldun Berria' izena ipiniko diote laster

DURANGOKO UDALA 2015ko abe. 2a, 18:19

Durangoko Udaleko bozeramaileen batzordeak adierazpena onartu du Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, eta hori da hartutako erabakietako bat. Heritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko konpromisoa hartu du, eta euskararen erabilera sustatzeko ere bai.

Hauxe da adierazpena, osorik:

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Euskararen balio unibertsala aldarrikatzeko eguna da, eta euskararentzat beste hizkuntzen artean dagokion tokia aldarrikatzeko eguna. Ospatzeko eguna eta konpromisoak berresteko eguna da.

Euskararen bilakaera izugarria izan da azken urteetan. Hainbat mendetan, bazterkeria eta debekua zirela medio, desagertzeko zorian egon da gure hizkuntza; izan ere, oraindik ere ez dago erabat salbatuta eta lan egin behar dugu euskararen diskriminazioan eragina duten egoerak errotik desagerrarazteko. UNESCOk berak hizkuntza ahulen zerrendan jarri du euskara. Hori horrela izanda, aintzat hartu behar ditugu, gaur bereziki, hamarkada ilunetan euskara bizirik irauteko lan isila egin duten eta gaur egun egiten duten pertsona eta erakunde guztiak. Euskarari arnasbideak eman dizkioten eta egunero ematen dizkioten gizarte eragile guztiak omendu nahi ditugu gaur. Hartutako konpromiso zein bilbaturiko kontsentsu politikoak be gogora ekarri nahi ditugu. Alabaina, bidea oraindik luzea eta malkartsua izango da, eta gaurko eguna aldarrikatu nahi dugu indarrak hartu eta gure hizkuntzari etorkizunean ere gure lanaren bidez laguntasuna emateko. Horretara, Udal honek ondoko konpromiso hauek bereganatzen ditu:

1. Gure Udalak bermatu eta defendatuko ditu herritarren hizkuntza eskubideak eta, bereziki, euskal hiztunen hizkuntza eskubideen ardura zaindu egingo du, euskara Administrazioan lan eta zerbitzu hizkuntza bihurtzeko lana areagotuz erabat lortu arte.
2. Udalean euskararen erabilera sustatu eta bermatuko da, alkate andreak eta zinegotziek euskararen erabileraren aldeko jarrera erakutsiz.
3. Euskararen arnasguneak bultzatu eta indartzeko konpromisoa hartzen du.
4. Udal honen baitan eta gure Udalerrian, euskararen sustapenerako ekimen eta politiken inguruko adostasun sozial eta politiko zabal eta sakonena bilatzeko konpromisoa hartzen du.
5.- Udal barruko Euskara Planean, Herri mailako Euskara Planean eta Euskararen Udal Araudian Udalak bereganatu dituen konpromisoak gaur jendaurrean berretsi nahi ditugu, besteak beste, Udalaren eta herritarren arteko harremanetan euskararen presentzia handitzea; irakaskuntza/trasmisioa/ merkataritza, etorkinak, kultura, kirola eta hedabideen arloetan euskararen presentzia handitzea; eta leku-izen, hizkuntza-paisaia, udaleko argitalpen,    udal    langileen    euskara ezagutza, kontratazio arloko irizpideetan etabarretan euskera sustatzea.
6.- Udal honek konpromisoa hartzen du heldutan euskara ikastea erabaki duten pertsona guztiei jendaurreko aitortza erakustea eta udalerriko kale, plaza, lorategi, iturri, areto edo guneren bati laster EUSKALDUN BERRIA izena jartzea.

Hainbeste pertsonek urteetan egindako ahaleginari esker ona eta jarraipena egiteko,    aurrerantzean   euskararen ezagutzaren unibertsaltasuna bermatu behar da eta horretarako doakotasunaren bidean   aurrerapausuak ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu.

Gure herriko euskaldun guztion lana da euskarari aurrerakada ematea eta horretarako euskaraz jakitea ez da aski bizi dadin, hitz egin behar da.

Hori guztia dela eta, Udalak herritarrak gonbidatzen ditu euskaraz bizitzeko konpromisoa har dezaten:

1. Dakienak edonon, edonorekin eta edonoiz erabiliz
2. Ez dakienak, euskara ikasiz
3. Erdizka dakienak euskara erabiliz, hobetuz

Halaber, Udalak herritar euskaldunak gonbidatu egiten ditu Udalarekin dituzten harreman guztietan, ahozkoetan zein idatzizkoetan euskaraz jardun daitezen.

Azkenik, Udaletxeko balkoi nagusian “Gaur ere euskararen eguna” pankarta jarriko du Udalak abenduaren 3tik (Euskararen Nazioarteko Egunetik) 10era (Giza Eskubideen Nazioarteko Egunera) arte.

EAJ-PNV, EHBildu, Herriaren Eskubidea, PSE-EE eta PP Udal Taldeen Bozeramaileak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!