Ibilaldia 2016

Barikuan mosaiko erraldoia egingo dute Ibilaldiko mezua zabaltzeko

Anboto 2015ko abe. 2a, 16:52

Ibialaldia 2016ko egitaraua Durangoko Azokan egingo duten mosaiko erraldoiagaz abiatuko dute. Barikuan 16:00etan jarri dute hitzordua Landako Gunean.

Dagigun! da 2016ko Ibilaldiaren leloa. Egin dezagun! Egin dagigun! goiburu ekintzaileagaz  dator, beraz, Durangoko Ibilaldia. Baina, Ibilaldia egun bateko jaia baino askoz gehiago da. Horregatik, Durangoko Ibaizabal eta Kurutziaga ikastoletako langile, ikasle eta gurasoek hilabeteak daramatzate lanean. Urte osoko programazioaren barruan, Durangoko Azoka jarri dute abiapuntu.

Horrela, barikuan, Durangoko Azokaren lehenengo egunean, mosaiko erraldoia antolatu gura dute. Arratsaldeko 15:30ean hasita, bi ikastoletako irakasle, guraso eta ikasleak kalejiran joango dira Durangoko kaleetatik zehar. 16:00etarako Landako Gunera heltzea da asmoa, ordu horretan jarri baitute mosaikoa osatzeko hitzordua. Antolatzaileek deialdi zabala egin dute ekitaldian parte hartzeko.

Mosaiko erraldoia
Mosaikoa antolatzeak badu bere zailtasuna. Beraz, antolakuntza elkarlanaren emaitza izan dela nabarmendu dute ikastolako ordezkariek. Markel Larruskain Ibilaldia 2016ko koordinatzaileak azaldu duenez, lehenengo guraso batek alde teknikoaren ardura hartu zuen. Ondoren, talde batek kartulina horiek zenbatu zituen. Bestalde, ikasle ohiez osatutako talde batek mosaikoaren ondoan jartzeko pankarta diseinatu du. Baina, alde teknikoaz gainera, giza baliabideen trebakuntza ere garrantzitsua da mosaikoa egiteko momentuan akatsik sortu ez dadin. Horretarako, irakasle batek DBHko ikasleekin jolas-orduetan entseguak egiteko ardura hartu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!