Gaixotasun larriak dituzten euskal presoak askatzea eskatuko du Sarek Durangon

Anboto 2015ko abe. 1a, 12:05

Abenduaren 8rako manifestazioa deitu du Sare mugimenduak. Eguerdiko 12:30ean hasiko da Landakon. "Egoera urgentea da, minutu oro da erabakigarria", adierazi dute Teresa Toda Sareko ordezkariak eta Gotzone Lopez de Luzuriaga gaixotutako preso ohiak.

Larriki gaixorik dauden hainbat euskal preso politikoren senidek parte hartu dute manifestaziora deitzeko prentsaurrekoan. Bertan izan dira Gorka Fraile durangarraren izeba, Ibon Iparragirre ondarrutarraren ama eta Aitzol Gogorzaren oreretarraren ama. Pablo Gorostiaga preso ohia ere izan da mahaian, eta zenbait sarekide ere bertaratu dira.

Teresa Todak Madril eta Parisko gobernuak kritikatu ditu: "Euskal jendartean bake eta konponbidearen aldeko urratsak eta aldarrikapenak nagusi badira ere, Madril eta Parisko gobernuek sufrimendua eragiten segitzen dute". Kartzeletako "politika gogorra" ez dutela aldatu esan du, eta preso gaixoena dela horren "adierazle latzena". Gainera, preso horiek kartzelan mantenduta, giza eskubideen adierazpen unibertsala urratzea egotzi die gobernuei.

Fraile, Gogorza eta Iparragirrez gainera, Ibon Fernandez, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Garikoitz Arruarte, Txus Martin, Josetxo Arizkuren, Iñaki Etxeberria, Lorentxa Guimon, Jagoba Codo eta Jose Miguel Etxeandia daude larriki gaixorik, Sareren arabera. Kartzelan gaixorik egon zen Gotzone Lopez de Luzuriagak berba egin du: "Preso dauden pertsona hauen bizia arriskuan dago, oso larri daude, eta premiazkoa dute askatasuna. Osasuna galtzen eta itzaltzen ari dira".

9an, Bilbon eta Baionan
Urtarrilaren 9an, Bilbon eta Baionan dispertsioaren aurkako manifestazioak egingo ditu Sarek, Mugi daitezen harriak lemapean.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!