Dendak Bai elkarteko Miren Garrastazu teknikariak azaldu duenez, azken urteetan arrakasta handia eduki du ospakizun honek Euskal Herriko beste hainbat herritan, eta horregatik, Dendak Baik ere bere gain hartzea erabaki du. Herriko bezeroek erosketak herrian bertan egitea bultzatu gura dute horrela. Egun honegaz, Gabon aurrean erosketak egiteko sasoia hasiko da.
Deneriko komertzioak izango dira deskontuak eskainiko dituztenak: arropa, oinetakoak, kosmetika, kirolak... Jai giroa sortzeko, batukada bat ibiliko da Durangotik zehar 17:30etik 19:30era bitartean. Guztira 43 komertzio dira, eta Alex Palacios Dendak Baiko ordezkariak batasun hori nabarmendu du.
Durango Txartelagaz, merkeago
Barikuko ekintzari indar gehiago emateko asmoz, eta komertzioek ezarritako deskontuez aparte, arratsaldean erosketak %5 merkeago egin ahalko dira Durango Txartelagaz. Goizean, gainera, zozketak egingo dituzte merkatarien elkarteak ateratzen duen txartel horren erabiltzaileekin.
'Black Friday', AEBetatik
Ameriketako Estatu Batuetatik dator Black Friday ospakizuna. Aitor Cotano teknikariak azaldu du "zenbaki gorrietatik beltzetara" pasatzeko helburuz hasi zirela antolatzen, euren komertzioentzako bultzada lez. Durangon, ekintza prestatzeko, udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eduki dute merkatariek.