70 bikote, hizkuntzaren bidez etorkinak integratzeko

Anboto 2015ko aza. 17a, 11:16

Seigarren urtez, Durangoko Udalak Hitz Egidazu izeneko programa ipini du martxan, etorkinei integrazioa errazteko asmoz. Euskara edo gaztelera praktikatzeko aukera eskainiko diete atzerritik etorritakoei, eta horretarako, herritar boluntarioen laguntza ezinbesteko da.

Antzerako zaletasunak dituzten bikoteen arteko solasaldien bidez garatuko da dinamika. Programan laguntzeko interesa duenak 94 603 00 00 telefonora deitu ahal du; eskatzen den gutxieneko konpromisoa ordubeteko hamar solasaldi edukitzea da. Dagoeneko 70 bat bikote osatu dituzte.

Pilar Ríos alkateordeak aurkeztu zuen programa barikuan, eta adierazi zuen urteotan 415 bikote ibili direla berbetan. 488 ikaslek eta 372 boluntariok parte hartu dute. Programaren bidez, etorkinentzako babes sareak sortzen direla azaldu zuen, eta gainera, estereotipoak apurtzeko balio duela ere bai.

Gloria eta Paul

Prentsarako aurkezpenean partaide bi egon ziren, euren testigantza azaltzeko. Gloria Egia bolondresaren ustez, dinamikan parte hartzeak "asko betetzen zaitu", eta astebetean ordubetez berba egitea labur egiten dela dio gainera. Paul Onyema nigeriarra 2004an etorri zen, eta 2011tik dabil programan parte hartzen. Hizkuntza jakiteak hartu-emanetan daukan garrantzia nabarmendu du: "Ez baduzu jendea ezagutzen, ezin duzu integratu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!