'Lehenik Euskadi' goiburua eta bere zerrendak aurkeztu ditu EAJk, Espainiako hauteskundeetarako

Anboto 2015ko aza. 16a, 10:50

Durangoko Landako Gunean egindako ekitaldian aurkeztu ditu EAJk abenduaren 20ko hauteskundeetarako zerrendak. Aurkezpenean, Zentralismoaren kontrako mezua nabarmendu dute Andoni Ortuzarrek, Iñigo Urkulluk eta Aitor Esteban Diputatuen Kongresuko zerrendabururak. Nabarmendu dutenez, hilabete barruko hauteskundeetan "Euskadiren etorkizuna dago jokoan"

Lehenik Euskadi. Euskadi es lo que importa goiburua erabiliko du EAJk abenduko hauteskundeetarako kanpainan. Espainiako gorteetarako hauteskundeak garrantzitsuak izango direla nabarmendu du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak: "Gutxitan gertatu da, inoiz ez esatearren, euskal hiritarrok horrenbeste dugula jokoan. Politika bor-bor dago une honetan, gure autogobernuari ziurgabetasun eta mehatxu handiak ezarri zaizkio. Adi egon behar dugu."

Iñigo Urkullu lehendakariak Ortuzarrek aipatutako mehatxuak zehaztu ditu, besteak beste, Estatutuaren urratzea, eskumen inbasioa edo Ekonomi Ituna eta Nafarroako Ekonomia Hitzarmena. Lehendakariak esan du eraso honen jatorria “Estatu estrategia” bat dela. “Gure gaitasun ekonomikoa eta politikoa mugatzean, hustean eta zapaltzean oinarritzen den estrategia. Alderdi Popularraren eta Ciudadanos taldean izan ditzakeen aliatuen estrategia da”. Horren aurrean, "Euskadi hazteko" EAJk izango duen papera aldarrikatu du: "Madrilen Euskadiren interesak gehiago eta hobeto defendatzen dituena bozkatzeko momentua da. EAJ da Euskadi Euskadin. EAJ da Euskadi Madrilen”,

Aitor Estebanek, bere aldetik, datozen urteetan EAJk Madrilen izango lituzkeen erronkak azaldu ditu; besteak beste, Estatu eredua, Konstituzioaren balizko aldarazpena, Euskadi nazio gisa aitortzea eta AHTa egiteko lanak: "Madrilera joango gara Estatuak bere konpromisoak bete ditzan eta Bizkaia,Gipuzkoa eta Arabaren interesak defendatzera”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!