Duragoko udalaren bidez, AEKn eta udal euskaltegian bideratzen dira ikastaroak. Hiru hileko saioekin ezin daiteke hizkuntza bat barneratu, baina ikasi dutena baligarri izan zaie egunerokotasuneko egoeretarako, eta “hori asko da”, dio Onyemak: “Ikastaroak asko lagundu digu”, onartzen dute biek.
Onyema 2004an etorri zen Euskal Herrira “bizitza hobe baten bila”. Urteetan, bizimodua aurrera ateratzera bideratu zituen ahalegin denak. Horrela, “2011n, gaztelania ere ez nekien. Integratu barik nengoen”. Bizirauteaz gainera, bizi ere egin behar dela erabaki zuen, eta orduan hasi zen bere hartuemanak zabaltzen: “Integratzeko eta hartuemanak sendotzeko aukera eskaini dit euskaraz aritzeak. Euskaldun koadrilak euskaraz aritzen dira, zu hor ezer ulertu barik zaudela konturatu barik. Eta normala da. Konturatzean, gaztelaniaz hasten dira. Baina, nik ez nuen hori gura”. Euskaldunak, hasieran, itxiak garela uste du —Jorgek buruagaz baiezko keinua egiten du, irribarrez— eta gauzak euskaraz adierazteko gaitasuna “ateak zabaltzeko modua da”.
Oro har, eguneroko hartuemanetan ere laguntzen du lehen berba euskaraz esateak: “Atzerritik etorritako batek zure etxean zure hizkuntzan agurtzen bazaitu, konfiantza sortuko dizu. Denda batean ‘zer moduz?’ edo ‘zenbat da?’ modukoak esanda, jendea harritu egiten da”.
Onyema katolikoa da, eta Santa Anako mezetan laguntzaile dihardu. Sarrerak euskaraz irakurri, eta errezuak gero eta hobeto ulertzen ditu.
Sandra Jorgek bost urte daramatza Euskal Herrian. Aurretik, Valentzian egon zen. “Lagunartean hartuemanak sendotzeko oso baliagarria” izan zaio euskarazko nozioak ikastea.
Biek euskara ikasten jarraitzeko asmoa dute. Euskara ikastea zaila dela uste dutenei “borondate kontua” dela esango liekete: “Zure ama hizkuntzagaz zerikusirik ez duen edozein hizkuntza ikastea gatxa da. Normala da kostatzea, baina interesean dago gakoa”. Jorgek Quechua hizkuntza indigena daki, eta euskarak hizkuntza hori gogorarazten dio, ‘k’ letra erabili eta ahoskatzeko moduan, esaterako.
Hizkuntzak euskaldun nortasuna sortzeko ere balio izan die. “Nik hemen bizi nahi dut” dio Onyemak, “baina, inoiz, beste tokiren batera joaten banaiz, seme-alabaren batek izen euskalduna izatea nahiko nuke, euskaldun baten moduan”.