Txosna Batzordea, Landako Guneaz: "Oso zaila da bertan jai giroa sortzea"

Anboto 2015ko aza. 11a, 13:43
Txosnagunean egindako paella lehiaketan, kuadrilla bat janaria prestatzen.

Txosna Batzordeak jaien balorazioa egin du. Azaldu dutenez, txosnen izaera "kaletarra" galtzea eragin du Landako Gunean ezartzeak, eta elkarteen irabazi ekonomikoak ere txikitu dira. Hurrengo urteetarako lekua adosteko, udal alderdien eta txosnen ordezkariak batzorde berezi batean batuko dira.

Txosna Batzordearen iritziz, Landako Gunea espazio oso zabala da: "Durangoko jaietan gaur egun ibiltzen den jende kopuruarekin oso zaila da bertan jai giroa sortzea". Eraikin handia izanda, botila-festak erakarri direla diote. Gainera, kanpoaldeko eremuaz, txosnak ipintzeko muga teknikoak daudela esan dute, eta ondorioz, kanpoaldeko gune hori ez dela erakargarria izan uste dute. "Durangoko jaietan zehar, Landako Gunea ez da jai giroko ohiko tokia". Giroa sortzeko ahaleginak egin dituztela azaldu dute, baina hainbat ekitalditan beste gune batzuetan baino jende gutxiagok parte hartu duela.

Guztia ez da txarra izan Txosna Batzordearen arabera. Landako Guneak hainbat erraztasun tekniko eskaintzen dituela diote, eta bertako beharginekin ere hartu-eman ona eduki dutela. Bestalde, durangar eta kanpotar asko Txosnagunera hurreratzea lortu dutela esan dute, eta eskerrak eman dizkiete guztiei. Bereziki, egitarauan parte hartu duten sortzaileei.

Batzorde berezia

Joan zen eguenean udaleko kultura batzordekoekin batu ziren Txosna Batzordeko kideak, eta udaleko alderdi guztiekin osatutako batzorde berezi bat sortzea adostu zuten. Abenduan izango da lehenengo batzarra. Txosna Batzordeak, Txosnagune finko bat adosteko beharra azpimarratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!