"Hezkuntza eredu propioa" eraikitzeko deia egin dute

Anboto 2015eko azaroaren 10a

Azaroaren 28rako LOMCE legearen kontrako mobilizazioak deitu dituzte. Horren aurretik, bihar, eguaztena, LOMCEren inguruko berbaldia egingo dute Pinondo Etxean.

LOMCE legearen aurka dauden hezkuntza plataformen topaguneak mobilizazioak deitu ditu azaroaren 28rako, eta deia egin du eredu “atzerakoi, merkantilista eta inposatu” horren gainetik, Euskal Herrirako “hezkuntza eredu propioa” eraikitzeko. Topagune horren baitan Durangon batzen den taldeak bat egin du mobilizazioekin, eta horren harira, beste ekintza batzuk ere antolatu dituzte, gainera.

Eguaztenean, azaroaren 11n, LOMCEren inguruko berbaldia egingo dute Pinondo Etxean, 18:30etik aurrera. Horretaz aparte, Durangoko hainbat ikastetxetan elkarretaratzeak burutzeko asmoa dute hilaren 26an, 28ko mobilizazio nagusien aurrekari moduan.

Hilaren 28ko manifestazioak hiriburuetan izango dira, eta, Bilbon, Zabalburu plazatik hasiko da, 17:00etan. Antolatzaileek azaldu dutenez, kalejiran egingo dute protesta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!