EH Bildu koalizioak gaur azaleratu ditu Jaurlaritzaren datuak, eta horregaz batera, udalean proposamen bat aurkeztu duela ere azaldu du. Batzar bat egitea eskatu dio gobernu taldeari, eta bertan, udal ordezkariekin batera, gizarte eta hirigintza arloko teknikariak eta Durango Eraikitzen erakunde autonomoko kideak egotea eskatu du.
EH Bilduk batzarrean landu gura dituen gaiak ere aurkeztu ditu. Batetik, San Rokeko etxe hutsak alokairura bideratzea, eta horretarako, etxeen gestioa udalak hartzeko eskaria egitea Visesari (etxeak sustatu dituen Eusko Jaurlaritzako erakundea). Bestetik, udalak bultzatu duen alokairu programak beste alderdien ekarpenak jasotzea gura du koalizioak, eta etxe kaleratzeen aurrean protokolo bat ezartzea ere bai.