Hauxe da Txosna Batzordeak bidalitako oharra:
Jai herrikoi parekide batzuen alde!
Jai giroa ez da emakumeon kontrako eraso sexistez libratzen, ez. Beti ikusgarriak ez diren arren, egoten dira. Zenbaitetan erreakzionatzea kostatu egiten zaigu, ez dugulako gertaturikoa erasotzat identifikatzen. Aldiz, horrek ez du esan nahi gertatzen ez direnik.
Jaietan, emakume baten dantza egiteko espazioa betatzen duen jarrera, eraso sexista bat da. Eta salatu egiten dugu.
Lagunekin karaoke batean ondo pasatzen ari garela, mutil batek mikrofonoa eskuan, emakumeak iraintzen dituzten mezuak botatzen baditu, eraso sexista baten aurrean ari gara. Salatu egiten dugu.
Mutil gazte batek berarekin dagoen neska kolpatzea, nahiz eta txosna batzordeko kideok honekin kontaktatzea ez lortu, eraso sexista bat da. Salatu egiten dugu.
Espazioaren jaun eta jabe direla uste duten 4-5 mutil, barran kolpeka, irainka eta mehatxuka aritzea, eraso sexista bat da. Zergatik? Maskulinitate hegemoniko baten bandera delako. Eta ez du zerikusirik hartutako alkohola edo bestelako substantziekin. Ezta ere mutil izatearekin. Ez nahastu.
Zerrenda luzeagoa da. Baina ez dugu morboan jausi nahi. Guzti honekin, datozen urteei begira urratsak ematen jarraituko dugula adierazi nahi dugu. Eta honek hausnarketarako balio behar du nahitaez. Jai esparrua, edozeinentzat seguru, eroso eta atsegina izatea nahi dugulako!
Gure jai ereduan ez dugu inongo eraso sexistarik onartuko, jai herrikoi parekide batzuen alde!