Atzoko udalbatzarrean landu zuten gaia, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak sustatuta. EAJko kide batek ezin izan zuenez egon, beste alderdi biek aurkeztutako mozioak egin zuen aurrera.
Komertzioen eta inbertsioen inguruan Europa eta AEBek landutako akordioa da TTIP, bere ingelesezko siglekin, eta merkataritzako zergak kentzea proposatzen du. Julián Ríosek (Herriaren Eskubidea) esan zuen akordioa “neoliberalismo gaiztoaren” baitan dagoela, eta nekazaritza eta merkataritza lokalak “desagertzear” egongo direla bere eraginez. Aritz Bravok (EH Bildu) azaldu zuen Mexikoko ekonomiak okerrera egin duela antzeko akordio baten erruz. Gainera, hemengo ekonomiarentzat izango duen eraginez hausnartu zuen: "Ez dut uste Durangoko enpresa ertain batek produktua AEBetara bidaliko duenik, arropa adibidez".
PPko Fran Garatek adierazi zuen akordioa "babes soziala bermatzeko garrantzitsua" izango dela, eta Espainian 140.000 lanpostu sortuko direla. Juían Ríos ez da iritzi berekoa: "Hain marabillosoa da, itzaletan egiten dela. Ona balitz, egunero entzungo genuke Rajoy presidentea horretaz berbetan".
PSE-EEko Mauricio Garciak esan zuen oraindik ez dagoela argi zer izango den akordioa, eta hortaz, ezin dela berekiko jarrera bat hartu. Zinegotzia UGT sindikatuko kidea ere bada, eta UGT TTIParen aurkako plataforman dagoela gogoratu zion Bravok.
EAJko Goiztidi Diazen iritziz, Espainiar Estatuak eztabaida sustatu beharko luke, eta akordioaren negoziazioek Europako industriaren interesak babestu beharko lituzkete.