Udako jaietan beste herri batzuetan gertatutakoa ikusita, udala eraso sexisten aurreko "alertan" egon dela azaldu du Irigorasek. Mugimendu feministako hainbat kidek ere protesta deitu zuten jaien lehen egunerako, erasorik ez zutela onartuko aldarrikatzeko.
Bestalde, "parte-hartze handia" egon dela esan du Irigorasek. "Egitarau orekatua eta anitza dela erakusten du partaidetzak gora egiteak". Iker Oceja zinegotziaren arabera, "Mozorro Egunean gero eta jende gehiago animatzen da". Gainera, Ezkurdin ipinitako karpetan burututako ekintzak ere arrakastatsuak izan direla azpimarratu du, marmitako txapelketa adibidez. Ekintza horiek txosnak Landako Gunean ipintzeagatik lekualdatu zituzten. Aurten lehenengoz ipini dute Txosnagunea Landakon, eta Ocejak adierazi du teknikoki balorazio positiboa egiten dutela. Txosna Batzordekoak hurrengo kultura batzordera gonbidatu dituzte: "Ea Txosna Batzordekoek zer balorazio egiten duten".
Jaietan parte hartu duten elkarteei eskerrak eman dizkie Irigorasek, baita herritarrei ere: "Jendearen parte-hartzerik barik, ez lirateke munduko jairik onenak izango". Gainera, durangarrek zein bisitariek edukitako "jarrera zibikoa" nabarmendu du.