Lurpeko kontainerrak eta arratoien aurkako kanpaina, San Fausto eraberritzeko obretan

Anboto 2015ko urr. 26a, 12:03

Gaur hasiko dira San Fausto auzoa berritzeko obrak. 14 hilabete iraungo dute, eta instalazio elektrikoak, saneamendua eta irisgarritasun hobekuntzak egingo dituzte, besteak beste.

Udalak 1,7 milioi euroko inbertsioa egingo du zaharkitutako auzoa eraberritzeko. Batez ere zerbitzu sareak hobetuko dira, eta auzoari itxura gazteagoa emango diote gainera; oinezkoentzako eta mugikortasun arazoak dituztenentzako egokituko dituzte kaleak. Hainbat aldaketa ekarriko ditu proiektuak, eta horien artean, lurpeko kontainerrak ezarriko dituzte. Gainera, arratoien kontrako kanpaina ere burutuko dute. Horrek, argi erakusten du zikinkeria eta arratoiak izan direla auzotarren urte luzeetako kexa nagusietakoak. Hain zuzen ere, obrak azaltzeko, batzarra egin zuen udalak auzokideekin joan zen eguenean.

Lasuen enpresa abadiñarrak garatuko du proiektua, lehiaketa bidez udalak bere eskaintza onartu eta gero. Bere lan-taldeaz aparte, langabe bi kontratatuko ditu enpresak, eta euretako bat auzokoa izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!