Platerueneko kudeaketaren lekukoa aldatu berritan, lehena eta oraina elkarrizketan

Anboto 2015eko urriaren 23a

Hamaika urte eta gehiagoz Platerueneko kudeatzaile izan da Beñat Gaztelu-Urrutia. Gorputza eta arima eskaini dizkio kultur egitasmo herritarrari, bere hirugarren seme-alaba balitz bezala. Orain, kudeatzaile lana utzi, eta beste era eta erritmo batera laguntzeko unea dela esan diote Beñati gorputzak eta arimak. Liher Granadosek ilusioz eta gogotsu heldu dio Pateruenari, presarik barik, baina etenik egiteko asmorik barik.



Liher Granados: Nola bururatu zitzaizuen Plateruenaren moduko ekimen herritarra sortzea?
Beñat Gaztelu-Urrutia: Urteak generamatzan Berbaro Taberna kulturgune eta topaleku euskalduna sortzen eta garatzen. Begibistako mugak zituen egitasmoak, eta sasoi berriei baliabide berriekin aurre egiteko momentua zela pentsatu genuen. Horrela sortu zen Plateruena. Hasierako egitasmoa dezente aldatu da hamaika urte hauetan. Euskararen alde jardungo zuen kulturgune eta topaleku bat izatetik, espazio sozial euskalduna izatera pasatu gara. Gizartea aldatu den hein berean aldatu da Plateruena, logikoa den moduan.

B.G.: Zergatik esan zenion baietz, Platerueneko arduradun lanari?
L.G.: Nire ikasketak zein esperientzia profesionalak lan harreman eta pertsonen kudeaketaren esparruan izan dira orain arte, eta banuen gogoa nire kultur zaletasunarekin lotura duen zerbaitetan lan egiteko. Aukera paregabea da nire profil pertsonala eta profesionala uztartzeko.

B.G.: Eta, nola ikusi izan duzu kanpotik Kafe Antzokia? ze itxura hartu izan diozu?
L.G.: Orain arte ez naiz Platerueneko langilea izan, baina proiektua hasieratik ezagutzen dut bezero, musikari eta kulturzale naizen heinean. Iazko Eta urte askotarako kanpainaz geroztik, bazkidea ere banaiz, eta Plateruenak bizi duen egoera ez zait ezezaguna egiten. Plateruena erreferentziazko kulturgunea da Durangaldetik haratago ere, eta bertan antolatutako ekintzak positiboki baloratu izan ditut erabiltzaile moduan.  

L.G.: Eta nolakoa da barrutik, kanpotik dirudien bezain bizi eta erakargarria?
B.G.: Zeuri egingo dizut galdera hiru-lau hilabete barru! Batzuetan, egunerokoa astun egiten da, hori ez dizut ukatuko, baina beti gogoan izan behar da emaitzak ikusi egingo direla uneren batean, eta Plateruenak horixe dauka ona, hitzordu bakoitzean ikusten direla emaitzak. Dena-den, gauza bat ziurtatuko dizut: ez duzu aspertzeko astirik izango.

l.G.: Ez dut uste, ez! 11 urtean zenbat kultur ekimen eta bestelako egin dituzuen ikusita…
B.G.: Denetarik eta asko egin da, bai. Aitortzen dut, akaso une batzuetan gehiegi ere antolatu dugula. Baina, aurrerantzean, herritarrek esango dute zer eta zelan egin behar den. Zilarberritzen gogoeta burutu genuenetik, kultur egitasmoan parte hartu nahi dutenentzat ateak zabalik ditu Plateruenak. Hiru lantalde eratu ziren Komunikazioan, Sustapenean eta Programazioan eragiteko. Talde horietan mamitzen dena izango da Plateruena, etorkizunean. Alde horretatik, esango nuke etengabe eraberritu behar den egitasmoa dela, eta ibilbide luzea daukala egiteko oraindik.

B.G.: Eta, aurrerantzean, ze proiektu berri egin nahiko zenuke edo zeren agertoki izatea nahiko zenuke?
L.G.: Durangaldeko eragileen agertoki nagusia izan behar da Plateruena, nire ustez. Horretan laguntzeko, Platerueneko espazio desberdinak egokitu eta eskaintzen ari gara, erabili nahi dituenarentzat: ganbara, kamerinoa, fabrika eta areto nagusia. Honen inguruan, badago anfiteatroa (fabrika) estaltzeko proiektu bat, eta berau epe laburrean burutzeko ahalegina egingo dugu espazio horrek eskainiko dituen aukerak lehenbailehen aprobetxatzeko. Honekin lotuta, espazioaren dekorazioarekin zerikusia duen proiektu berri batean ere lanean hasi gara. Gainera, ostalaritzan ezarri ditugun zerbitzu berriek, gosariek eta igandetako bazkariek, antzokiaren martxa hobetzen laguntzea espero dugu.

L.G.: Plateruena utziko duzu baina ez erabat. Zer emango diozu etxe honi aurrerantzean, eta nola?
B.G.: Beti sentitu ditut ordulari bi martxan, bata neurea eta bestea Plateruenarena. Nireak txirrina jo zuen orain urtebete inguru, atsedena hartzeko unea zela esanez. Plateruenaren ordularia aurrera doa, eta egitasmoa gogoberritzeko premia sumatu nuen. Horrelakoetan, ez da txirrina jotzeko zain egon behar. Denei esaten diet Plateruenean lan egiteari utziko diodala, baina ez dudala Plateruena utziko. Orain, laguntzeko gogoz nago, hainbeste urtean ehunka lagunek egin duten moduan. Lantalde horietako batean egingo ditut nire ekarpenak.

B.G.: Nora eraman nahiko zenuke Plateruena, talde osoaren laguntzagaz?
L.G.: Oreka bat lortzen laguntzea gustatuko litzaidake. Ez naiz oreka ekonomikoaz bakarrik ari, proiektu berriek ekar ditzaketen onurak aprobetxatu, eta denboran mantentzea izango da erronka, hala nola, eragile sozial eta kulturalek Plateruena espazio propio moduan erabiltzea eta ostalaritza zerbitzuak gizartearen aisialdi ohitura berriei erantzuten jakitea. Hori aurrera eramateko, ezinbestekoak ikusten ditut dauden esperientziadun lantaldea eta zuzendaritza berriztua, betiere, bazkide eta boluntarioen laguntzarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!