Durangoko Udalak Gorbea tabernako komuna botako du, karkaba bat zabaltzeko

Anboto 2015ko urr. 22a, 11:03

Gorbeako komuna karkaba baten eraiki zuten bere garaian, eta karkabak txukuntzen hasteko, komuna bota eta sarbidea zabaltzea erabaki du Durangoko Udalak. Lokaleko jabearekin akordioa lortu du, eta hilebete iraungo dute obrak. Taberna alokatuta daukan pertsonak esan du erabakiaren berri prentsaren bidez jaso duela: "Nigaz akordio batera heldu arte, ez dut ezer egiten utziko".

EH Bildu koalizioak informatu duenez, Alde Zaharreko karkaba bati sarbidea egitea erabaki du udalak batzordean, eta lanak datozen asteetan hastea posible da. Hain zuzen ere, Goienkale, Artekale, Zeharkale eta Andra Mari kaleen artean dagoen karkaba izango da. Izan ere, Zeharkalen, gaur egun Gorbea tabernako komuna dago karkaban.

Bere sasoian, lokalaren jabeak karkabako lurra erosi zion udalari, komuna egin ahal izateko. Beraz, udalak lurra erosi beharko dio, eta ostean, komuna bota. Gero, ate bat ipiniko dute karkabara sartzeko. Hilabete iraungo du obrak, eta 35.000 euroko aurrekontua dauka. Tabernan ere obra egin beharko dute komun berria ipintzeko.

Karkaben konponketa DAZ auzo elkartekoen aldarrikapen nagusietakoa izan da, eta beraiek ere egon ziren batzordean. Baina, beste eskaera batzuk ere egin zituzten: argia jartzea, karkaben erabilera kontrolatzea, garbiketak egitea eta arratoien kontrako kanpainak garatzea.

Lokalaren jabeagaz akordiora ailegatu da udala, baina  tabernaren gestioa alokatuta daukanak ez dakiela ezer esan dio ANBOTOri, eta prentsatik jakin duela. Bere negozioagaz zer gertatuko den galdetu du, eta egoerari irtenbidea emateko berekin hitz egitea eskatu du: “Nigaz akordio batera heldu arte, ez dut ezer egiten utziko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!