Etxeko gaixoen zaintzaileen %87 emakumeak dira

Anboto 2015ko urr. 21a, 17:50

Etxeko gaixoen zaintzaileei laguntza emateko balio du Zaindu programak, eta aurtengo kanpaina berria aurkeztu dute. Txirrindulari ohi batzuek babestu dute, eta eurak dira promozioaren protagonista. Eneritz Iturriaga eta Julian Gorospe egon dira aurkezpenean.

Etxeko norbait gaixotu eta uneoro besteen laguntza behar duenean, normalean familiako batek hartzen du bera zaintzeko ardura. Zaintzaileen %87 emakumeak dira, eta gehienak 60 urtetik gorakoak. Ardura hori bakarrik hartzen dutenek, egoera estresagarriak bizi izaten dituzte sarri, eta hori sahiesteko asmoz, zaintzaren lanak etxekoen artean banatzea eskatu dute Zaindu programako bultzatzaileek. Aurten, gazteei begira egingo dute batez ere inplikaziorako kanpaina.

Amankomunazgoko eta Durangoko Udaleko adinekoen sailetik bultzatzen da Zaindu programa, Aldundiaren laguntzaz. Kanpaina hainbat txirrindularik babestu dute, eta hori arrazoitzeko, Aitor Lopez Amankomunazgoko presidenteak txirrindularitzaren eta zaintzaren balioak parekatu ditu: “Eguneroko lana, sakrifizioa, talde-lana...” . Lopezen esanetan, zaintza aurrera eramateko modu ugari daudela transmititu gura dute kanpainagaz. Pilar Ríos Durangoko alkateordeak dioenez, zaintzaren ikuspegi baikorra ere zabaldu gura dute. “Gaixoarekin egotea edo beragaz jolastea ere bada zaintzea”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!