Kurutziaga kaleko Gogoeta-gunean Durango 1936 kultur elkarteak “askatasunaren eta herriaren alde euren bizitza eskaini zigutenei” gorazarre egingo die. Elkarteko arduradunek azaldu dutenez, “ekitaldian, fusilatuei, bide-bazterretan erahildakoei, frontean hildakoei, frontean jasotako zauriengatik hildakoei, kartzelan hildakoei zein desagerrarazitakoei omenaldia egingo diegu, errepresaliatu guztiak ere gogoan hartuta”. Prentsa oharraren bidez gaineratu dutenez, “Oro har errepresioa jasandako durangar eta euskal herritar guztiei eginiko omenaldia izango da”.
Data berezia
Durango 1936 elkarteak data berezi bat gogora ekarri gura izan du. Izan ere, urriaren 24an, 78 urte beteko dira frankistek durangar bat fusilatu zutenetik Derioko hilerrian. Juan Eskubi Urtiaga zen, Durangoko defentsa-batzordeko kidea eta STV sindikatukoa.
Agurrik gabeak ekitaldiaren zortzigarren edizio honetan, errepresaliatuei lore-eskaintza egingo diete Kurutziagako Gogoeta-gunearen monolitoaren inguruan. Jarraian, herritarren hainbat testigantzei lekua egingo diete. Izan ere, bertaratzen direnek erahildakoen senitartekoen ahotik hainbat testigantza ezagutzeko aukera izango dute. Gogoeta-gunean plaka jarrita amaituko dute ekitaldia.