Ikasle holandarrak Durangon egon dira elkartrukean

Anboto 2015ko urr. 16a, 15:00

Frai Juan Zumarraga institutua elkartrukea lantzen hasi da Groningeneko Zernike ikastetxeagaz. Ikasle holandarrek astebete pasatu dute Durangon, eta hemengo kultura ezagutzeaz aparte, jaiak ere aprobetxatu dituzte.

Bilbo, Donostia edota Durangoko jaiak ezagutu dituzte bisitariek. Tomas Popken ikasleak kontatu du herri-kiroletan parte hartu dutela, eta Zezenak Diran ere bai. "Apur bat arriskutsua da, baina gustatu zait". Jaiak oso ondo daudela dio, eta bertako jendea ere bai. Institutuko ikasleen etxeetan egon dira ostatu hartuta, eta euren artean ondo moldatu direla esan du.

Durangoko ikasleen ingeles maila hobetzeko aukera izango da aurten abiatutako elkartrukea. Apirilean joango dira Herbehereetara, eta hizkuntza praktikatzeko aukeraz aparte, kulturartekotasuna ere landuko dute. Izan ere, Groningeneko institutuko ikasle guztiak Europan zehar egon dira aste honetan, eta apirilean antolatzen duten Groningeneko Kultur Astean hartzen dituzte ikasle europarrak, denak batera. Beraz, durangarrek beste hainbat herrialdetako ikasleekin egoteko parada edukiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!