Otegi askatzearen aldeko manifestazioagaz bat egin dute Durangoko Podemoseko kideek ere

Anboto 2015ko urr. 16a, 12:00

Podemos-Ahal Dugu alderdiko hainbat kidek ohar bat sinatu dute manifestazioagaz (bihar, 17:30ean, Donostian) bat egiten dutela adierazteko, EAEko idazkari Roberto Uriartek erakutsitako jarrera kontrajarriz. Tartean dira hiru durangar: Neskutz Rodriguez Batzar Nagusietako juntakidea, eta Julián Ríos eta Julia Perera zinegotziak.

Guztira, alderdiko 20 bat kargudunek eman diote babesa adierazpenari, eta manifestazioa konponbidearen aldeko urrats bezala ikusten dute: “Otegi askatu-Free Otegi –Libertad para Otegi” plataformaren deialdia, nazioarte mailako eta euskal mailako ospe handiko pertsonez osatua, ekimen positiboa dela ulertzen dugu".

Azaldu dutenez, eurek ere ez dute Otegi "heroi" bat bezala hartu nahi, baina ezker abertzaleko zuzendaria "bake-prozesua sendotzeko aktibo bat" dela uste dute. Gainera, bakerako "aukera historikoa" bizi dugula esan dute. Bestalde, Otegiren kasuan eskubide urraketa ematen dela diote: "Injustizia baten aurkako eta giza eskubideen urraketa baten kontrako manifestazioa babestu nahi dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!