Herritarren eta udal arduradunen arteko topaketak egitea proposatu du EH Bilduk

Anboto 2015ko urr. 6a, 18:01

Koalizioak landutako partaidetzarako ordenantzaren gaietako bat da hori. Zirriborroaren berri eman dio prentsari, eta elkarteei ere bidali die. Urriaren 20an eta 27an asanbladak egingo dituzte elkarte eta herritarrekin.

Herritarrek "informazio argia eta zuzena" jasotzea eta udal gestioan parte hartzea da EH Bilduren helburua. Hainbat nobedade dakartza proposamenak, eta udal arduradunen eta herritarren arteko topaketak egitea da esanguratsuenetako bat. Alkateak, udalbatzaren herenak eta 18 urtez gorakoen %5ek eskatu ahalko lukete horrelako batzar publikoak egitea.

Zirriborroaren arabera, herritarrek zuzenean parte hartu ahalko dute osoko bilkuretan, eta gaien araberako kontseilu sektorialak sortuko dira. Partaidetzan, protagonismo berezia eman gura diete elkarteei. Eskaera eta kexen arloan, udalak hilabeteko epean eman beharko die erantzuna, eta batzar eskaerak ere onartu beharko ditu. Gainera, herritarrek proposamenak aurkeztu eta herri-kontsultak egitea eskatu ahalko dute. Hautes-erroldaren %10ek sinatu beharko dituzte eskaera horiek; 2.200 lagun inguru uneotan.

Bestetik, udalak informazioa webgunean ipini beharko luke, aurrekontuarena edota zorrarena, adibidez.

Gestio "atzerakoia"

EH Bilduko Eider Uribek prentsaurrekoan esan duenez, gaur egun udalak herritarrekiko daukan gestio eredua “atzerakoia” da. Hori arrazoitzeko adibide lez, herritarrek mozio bat aurkeztu gura badute alderdien izenean egin behar izatea ipini du. Dani Maezturen ustez, "udalak ez du ezer egin" partaidetzaren arloan. “Garaiak aldatu dira, eta instituzioak horretara egokitu behar dira".

Hilaren 20an auzo elkarteekin asanblada egin gura du EH Bilduk, eta 27an beste eragileekin eta herritarrekin. durango@ehbildu.eus helbidera idatzita edo udaletxean duten bulegoan ere egin ahal dira ekarpenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!