Durangoko jaiak 2015

Autodefentsa feministarako deia egingo dute San Fausto jaien hasieran

Anboto 2015ko urr. 6a, 11:04

Durangoko mugimendu feministako kideek deituta, eraso sexisten aurkako manifestazioa egingo dute bariku gauean, 00:00etan. Erasotzaile, argi ibili lemapean egingo da mobilizazioa. Bestalde, bihar, eguaztena, Erandioko hilketaren aurkako protesta egingo dute Ezkurdin, 20:00etan, Bilgune Feministak deituta. Eguenean Andereak-ek asteroko kontzentrazioa egingo du, 20:00etan, Andra Marin.

Lemari jarraituta, linternak eramatea eskatu dute antolatzailek. Uda honetan, beste hainbat herritan ere egin dira antzerako mobilizazioak, eta emakumeen autodefentsa indartzea dute helburu. "Euskal Herriko herri ugaritako jaietan emakumeon kontrako eraso ugari eman direla ikusita, inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu kaleak okupatu eta gure amorrua adieraztea". Nazkatuta daudela diote antolatzaileek, eta beldurrik bako gauak gura dituztela, "kaleak, festak, egunak eta gauak gureak ere badirelako". Santa Ana plazan hasiko da manifestazioa.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!