Zenbat denbora behar izan duzu kartela egiteko?
Hiru egunean egin nuen. Arratsalde batean hasi nintzen lantzen, baina ez zitzaidan ezer irteten. Hurrengo egunean, ideia argiago neukan, eta orduan hasi nintzen egiten. Biharamunean amaitu nuen. Ideia sortzea izan zen gehien kostatu zitzaidana.
Zelan bururatu zitzaizun ideia?
Brainstorming bat [ideia-jasa] egin nuen, San Fausto jaietako ekintzekin lotutakoa. Horrekin zerbait lortu ahal nuela uste nuen; objektuak Photoshop programan ipini nituen, eta horrela irten zen. Durangoko jaietan batzen diren ikurrik nagusienak irudi bakarrean batzea izan zen nire asmoa.
Zelan animatu zinen lehiaketan parte hartzen?
Lagun batek eman zidan lehiaketaren berri; berak ere hartu zuen parte. Berari esker animatu nintzen.
Herritarren botoen bidez irabazi duzu lehiaketa. Kanpainarik egin duzu?
Oso pozik nago. 1.500 bototik gora lortu nituen; ez dut hainbeste jende ezagutzen. Nik egin dut kanpaina, bai, baina nire lagunek eta senideek, gehiago.
Diseinugintza gustuko duzu? Nondik dator zure afizioa?
Unibertsitateko karreran hasi zitzaidan gustatzen. Diseinu industrialeko ingeniaritza egiten nabil, eta poster antzekoak egiteko ikasgai bat daukat. Horrela hasi naiz kartelak egiten.
Saria 1.000 eurokoa da. Zer egingo duzu diruagaz?
Bada, gastatu! [barrez]. Ez dut ezer zehatzik pentsatu, oraindik.
Eta jaietan ere ezingo duzu gastatu, ezta?
Ez, aurten ez naiz egongo eta. Erasmusen bidez kanpora noa, Milanera [Italia]. Sei hilabeterako noa. Pena handia emango dit Durangoko jaietan ez egoteak.
Zein izaten da jaietako zure ekitaldirik gogokoena? Zer ez duzu galtzen?
Herri bazkaria ez dut galtzen, eta herri kirolak ere asko gustatzen zaizkit. Kontzertuetara ere joaten naiz.