anboto.org

Etxe hutsak alokairuan ipintzeko programa aurkeztu du Durangoko Udalak

  Herririk herri  Durango

Durangon 1.500 etxe hutsetik gora daude, baina jabeak ez dira alokairuan ipintzera animatzen. Eusko Jaurlaritzaren Alokabide programak ere ez du lortu eskaerei aurre egitea; 2015aren hasieran, 375 pertsona zeuden izena emanda, baina 132 etxe zeuden eskura. Egoera ikusita, alokairurako programa pilotu bat lantzea pentsatu du udalak. Aitziber Irigoras alkateak (EAJ) eta Pilar Ríos alkateordeak (PSE-EE) aurkeztu dute goizean, eta adierazi dute etxe hutsen jabe askok beldurra edo aurreiritziak dituztela alokairuaren inguruan.

Horregatik, batez ere jabeak babestuko dituen programa da; udalaren bermea edukiko dute kontratuaren eta etxearen egoeraren inguruan, baita ordainketa faltaren aurrean ere.  Etxe hutsetan ezingo da inor erroldatuta egon.

500 euro, gehienez
Etxea alokairuan hartzeko interesa dutenek, 12.000 eta 25.000 euro arteko urteko errenta eduki beharko dute. Hori bai, alokairuaren prezioa ez da diru-sarreren arabera ezarriko; teknikariek etxearen inguruan egindako analisiak esango du zer prezio ezarri. Gehienez, 500 eurokoa izango da. 65 urtetik gorakoei eta mugikortasun arazoak dituztenei etxeren bat jabetzan edukitzea onartuko zaie.

Durango Eraikitzen enpresa publikoak –Larriztorren du egoitza– gestionatuko du programa. Jabeek urriaren 5etik aurrera eman ahalko dute izena, eta etxea behar dutenek, hilaren 26tik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa