Gure gorputzak, geure territorioak, martxan jarraituko dugu libre izan arte lelopean burutzen dabiltza martxa. Azaldu dutenez, “inposatutako eredu kapitalista, arrazista eta patriarkalaren aurrean, munduari bizitzeko beste era bat erakustea, aukera feminista erakustea” da mundu mailako mobilizazioaren helburua.
Haziak ematen
Gainera, elikagaien burujabetza da mugimendu feministak martxan zabaldu duen aldarrikapen nagusietakoa, eta horregatik, ekitaldietan haziak erabiliko dituzte. Durangon, adibidez, haziak emango dituzte harrera ekitaldian.
Andraguneko harrera horretan, Nerea Etxaburu eta Ziortza Jaio txalapartariek, Kristina Mardaras eta Erika Lagoma bertsolariek, Matxalen Ertzilla biolontxelo-jotzaileak eta Bidane Txopitea kantariak parte hartuko dute.
Manifestazioa batukada feministak lagundurik egingo dute, eta, amaieran, dantzarako aukera egongo da Inalvis Etxebarriaren koreografiagaz. Ekitaldi guztiok, Durangoko Bilgune Feminista eta Andereak elkarteek era parte-hartzailean sustatu dituzte, eta martxari harrera egiteko ilusioz daudela azalu dute.
Udalak, martxagaz bat
Emakumeen Mundu Martxa babes instituzionala ere jasotzen dabil, eta, azken egunetan, Durangoko, Elorrioko eta Berrizko udalek mobilizazioagaz bat egin dute.