1.000 pultseratik gora saldu dira Angelman sindromedunen alde

Anboto 2015ko ira. 28a, 11:20

Pultsera erosi duten hainbat herritarrek, argazkia atera, eta Facebooken partekatu dute.

Urriaren 3an Angelman sindromearen inguruko jaialdia egingo da Landakon. Gaixotasunaren kontrako elkartasuna indartzen dabil. Hori azaldu du Idurre Baraiak, Durangaldean Angelman sindromeagaz dauden bi umeetako baten amak. 2.000 pultsera ipìni zituzten salgai, eta, dagoeneko, 1.000tik gora saldu dira. Gainera, 27 denda eta taberna itsulapikoak ipintzeko prest agertu dira. Urriaren 3an Landako Gunean egingo den jaialdirako ere elkarte eta enpresa ugari laguntzeko prest daude. “Oso pozik eta harrituta gaude”, adierazi du Baraiak.

 

Irribarredun umeak
Gaixotasun arraro moduan izendatuta dago Angelman sindromea, 20.000 eta 30.000 jaiotza arteko tartean, kasu bat egoten delako. Besteak beste, adimen garapenean atzerapena eragiten du, eta berba egiteko traba, eta mugitzeko koordinazio eskasa ere bai. Gainera, etengabe irribarretsu egotea ere bada gaixotasunaren seinaleetako bat.

Durangaldean dauden ume bien familiek, sindromearen berri eman, eta ikerketarako dirua batzeko asmoa dute, urriaren 3an. Zumba maratoiagaz hasiko da Landako Guneko topaketa, 16:00etatik 18:00etara bitartean. 18:00etatik 20:00etara umeentzako tailerrak eskainiko dituzte, eta 20:00etatik aurrera Zirkinik Bez taldearen erromeriak emango dio amaiera ekitaldiari.

Pultserak oraindik salgai daude, hiru euroan, Durangoko Metro, Bizibike eta Loiro dendetan, Iurretako Arriandi okindegian, Traña-Matienako Oxford tabernan eta Elorrioko Eroski dendan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!