Lehenik eta behin, "aldaketaren aldeko" zerrenda bateratua osatu ala ez erabakiko dute asanbladara hurreratzen direnek. Uda aurretik, zerrenda hori egiteko deia egin zuten hainbat herritarrek, Nafarroan emandako aldaketaren haizeek eraginda. Beraz, horrekin bat egin ala ez izango da aztertu beharrekoa. Bigarrenik, zerrendak osatzeko proposamenak egin ahalko dira. Horrela, erabakiak militanteek zein EH Bilduren proiektuagaz bat egiten duten herritarrek hartuko dituztela esan du Ion Andoni del Amo zinegotziak: "Madrilera nola eta nogaz joatea herri bakoitzeko asanblada irekietan eztabaidatu eta erabakiko da".
Bestalde, biharko asanbladan udaleko lanaz eta EH Bilduren antolaketaz ere berba egingo dute.