"Gabezia batetik eta egiteko gogo horretatik sortu da Gazte Taldea"

Anboto 2015ko ira. 21a, 09:07
Maialen Bildasola (Durango, 1987) eta Iker Solana (Abadiño, 1993), aisialdiko hezitzaileak

Aisialdiko hainbat hezitzailek sustatuta, Gazte Taldea sortu dute Durangon. Urteetako gogoa gauzatu dute, Berbaro elkarteagaz batera. 10-14  urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako eskaintza landu gura dute. Hala ere, aurrera begira, beste adin tarte batzuei ere heldu gura diete. Maialen Bildosola eta Iker Solana hezitzaileekin izan gara taldeari buruz berbetan. Irailaren 25erako ‘Lupa hartu eta itzartu’ ekimen berezia antolatu du Gazte Taldeak, Pinondon, 16:45ean.


Nola sortu da Gazte Taldea?
Iker Solana: Dagoen gabezia baten aurrean sortu da. Aisialdian ari garen hainbat hezitzaile elkartu gara, eta, sumatutako gabezia batetik eta egiteko gogo horretatik sortu da. Urteetan ari gara hori sortzeko gogoagaz, eta ez gara inoiz martxan jarri. Oraingoan, abiatu gara.
Maialen Bildosola: Gainera, hezitzaile lez, mugatuta sentitu gara; udalekuetara mugatuta. Gogoagaz egon gara urtean zehar ere zerbait egiteko.
 
Uda aurretik hasi zineten.
I.S.: Otsail eta martxoa bitartean hasi ginen. Apurka-apurka gauzak adosten joan gara; zein filosofía eta helburugaz heldu gura dugun gazteongana. Tartean, udalekuak ere izan ditugu. Gaztetxoei eurei galdetzeko aukera ere izan dugu.
 
Nolakoa izan da erantzuna?
M.B.: Nagusienekin aritu ginen gu (Udaleku Ibiltarian). Hala ere, ondo hartu zuten proposamena. Aspertu egiten direla zioten, beti berdina egiten dutela. Egia da, hasiera batean pentsatutako adin tarte horretatik irteten direla (15-16 urte). Hala ere, aurrera begira, eurei zuzendutako dinamika ere sortu gura dugu.

Gazte Taldea10-14 urte arteko gaztetxoekin jardungo duzue.
I.S.: Hasiera batean, bai. Gazteei galdetuta, premia gehien adin tarte horretan izan zezaketela pentsatu genuen. Gainera, lanean hasteko, horixe da guretzat adin tarterik errazena. Aurrerago, beste adin tarte batzuetara zabaldu daitekeen egitasmoa da hau.  

Parte-hartze prozesu bat zabaldu berri duzue.
M.B.: Bai. Begiraleak batu gara orain arte, eta gazteekin elkartzeko beharra ikusi dugu. Horretarako, ekintza berezia egingo dugu irailaren 25ean, Pinondon. Dinamika-jolas modukoa izango da: gazteek zer gura duten, zer behar duten, zeren falta igarten duten… ikusteko. Hortik aurrera, ikusiko dugu nola antolatu dena.

Lehenengo pausoa izango da...
I.S.:  ‘Lupa hartu eta itzartu’ deitu diogu. Lupa hartuta, dituzten gabeziak, Durango nolakoa den, gazteentzako gaur egungo aisialdi eskaintza zein den... ikusi gura dugu; non ematen dituzten orduak… Duten aisialdi motaz hausnartu gura dugu: kontsumista den, mugikorren bueltakoa…  Horri guztiari buelta eman gura diogu. Egun, gaztetxoak litxarreria denden inguruetan egoten dira.

Beste aisialdi mota bat sustatu gura duzue…
I.S.: Bai, hezkidetzailea, gazteei elkar ezagutzeko aukera emango diena. Euskararen erabilera ere sustatu gura dugu.

Horiek dira helburuak?
I.S.: Euskarazko aisialdia sustatu, eta gazteek dituzten gabeziei erantzun gura diegu. Elkar ezagutzea eta asteburuan ondo pasatzea da asmoa. Bestalde, aurrera begira, Gaztelekuaren proiektua sustatu gura dugu. Aisialdi euskalduna, parte-hartzailea, hezitzailea, euren gustukoa, anitza… lortu gura dugu.
M.B.: Adin tarte guztietan atera den gaia izan da gaztelekua. Elkartzeko toki baten falta. Eguraldi eskasa egiten duenean, ez dute non elkartu. Egungo aisialdi ereduak lokaletara bideratzen dituzte: telebistagaz, makinatxoekin… Euren arteko harremanak sortzen dira, baina ez dira gehiago zabaltzen.

Zein izan beharko luke administrazioaren  paperak?
M.B.: Gazteei entzun beharko lieke, eta kontuan hartu. Guk ere ez dakigu zeintzuk diren klabeak; horretarako antolatzen ditugu ekimenok: zeintzuk premia dituzten ikusteko, eta horren arabera lan egiteko. Adin tarte horri begira ezer gutxi dago.
I.S.: Espazioak ere eskaini beharko lituzke. Asteburuan eskolak ere itxita daude. Euria eginez gero, non sartuko dira? Zertara bultzatzen ditugu? Etxean egotera, mugikorragaz ibiltzera, sare sozialetara… Ez dute ganorazko aisialdi eskaintzarik.

Inguruan badira gazte taldeak.
M.B.: Elorrion edo Abadiñon. Parte-hartze prozesu antzerakoa zabaldu zuten Abadiñon ere, eta gazteekin adostutako ekintzak antolatzen dituzte hamabostean behin, zapatu edo domeketan. Oso pozik ari dira. Posible da aisialdi eskaintza on bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!