Gontzal Aizpurua, abokatua: "Bizkaian dagoen dualtasun juridiko zibila desagertuko da"

Anboto 2015ko ira. 12a, 10:00

Euskal Foru Zuzenbide Zibil berria izango da indarrean urriaren 3an. Ekainaren 25ean onartu zuen Legebiltzarrak, eta, berrikuntza nabarmenen artean, auzotasun zibilaren arauketa dugu. Batez ere, Zuzenbidearen Euskal Akademiak, Bizkaiko Abokatuen Elkarteak, eta Notario eta Erregistroen elkarteek sustatua da. Gontzal Aizpurua abokatua (Durango, 1966) Zuzenbidearen Euskal Akademiako zuzendaritzako kidea da eta aldaketen berri eman du elkarrizketan.


Zertara dator legedi berria?
1992an onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibilaren legean atzemandako akatsak, okerrak eta hutsuneak konpontzera, batetik. Bestetik, herritarren eskari, interes eta nahiei erantzutera. Bizkaiko Foru Berritik (1526koa) euskal legegile batek egindako zuzenbide zibilari buruzko lehenengo legea da 92koa, Espainiako Konstituzioan eta Euskal Autonomia Estatutuan aurreikusitako eskumena egikarituz onartu zuena Legebiltzarrak. Premiazko eta behin-behineko gaurkotze hori lehenengo pausoa izan zen: gure zuzenbide zibila iraunaraztea. Batez ere, Bizkaiko Foru Zuzenbidean oinarritu eta sakondu zen.  
 
20 urtetik gora joan dira...
Legegileak 1992ko Zuzenbide Zibil hori sakontzeko eta aldatzeko beharra ikusi zuen ia onartu zen une beretik, haren premiazkotasuna eta behin-behinekotasuna aintzat hartuta. Urte guztiotan akatsak, okerrak eta hutsuneak nabaritu dira. Gainera, gizartearen eskakizunak bistakoak dira: adibidez, norberaren ondareak aukera askean banatzea bultzatzen duten elkarteak sortu dira. 1992ko legedian, zein 2015ekoan, XVI. mendetik datozen erakunde juridikoak arautzen dira.
 
Gaur egun ulertzen ez direnak.
Testuinguru sozioekonomikoa ez da bera inondik inora. Baina, XV-XVI. mendeetan erabilitako erakunde batzuk, adibidez, eskuordeko bidez egindako testamentua (alkar-poderosoa) oso erabilgarria da. Gaur egun ere asko erabiltzen da oinordetza antolatu eta eskuordekoa babesteko. Eztabaida sortu du, berriz, Bizkaiko erakunde berezi eta garrantzitsua den tronkalitateak.

Zein berezitasun du horrek?
Jabetzaren izaera familiarra du oinarri, eta Bizkaiko forudun lurraldeetan aplikatzen da: familiatik datozen ondasun higiezinak familian geratuko dira. Egoera sozioekonomiko zehatz bati erantzuteko sortu zen —jabetza edo ustiapena osotasunean eta banandu gabe mantendu eta eskualdatzeko—, baina, oraindik guztiz aplikagarria da. Jabetzaren izaera indibidualistaren aurrean, zergatik ez mantendu familian familiatik datozen ondasun higiezinak?

Hala ere, forudun lurraldeetan baino ezin aplikatu.
Bai. Durangaldea foruduna da, Otxandio, Ermua eta Durangoko azalera gehiena ezik. Adibidez, Aramotz eta San Fausto auzoak, eta, Tabirako zatirik handiena forudunak dira. Foru Zuzenbide Zibila aplikatzen da Durangoko auzo eta kale batzuetan, eta, Zuzenbide Zibil Amankomuna besteetan. Hiribilduotan lurralde ezarpen eremua ez dago guztiz zehaztuta, gainera.

Nola liteke?
Bizkaian gertatzen den arazoa da hori. XII-XIV. mendeetan Bizkaiko Jaunak hiribilduak sortu zituen (Bilbo, Otxandio, Durango, Gernika...), lurraldean aplikatzen zen Bizkaiko Foruari desberdina zen beste foru bat emanez: jatorria Gaztelako zuzenbidean duen Logroñoko forua. Hartara, hiribilduak garatzen joan ahala—gaur egungo zuzenbide komuna— Bizkaiko Foru Zuzenbidearen eremua  —lur laua edo elizateena— murrizten joango da. Bien arteko mugak hiribilduetan oraindik ere ez daude argi. Gainera, XIX. mendean eta XX.eko hasieran, hainbat herri anexionatu ziren. Egun, hiribilduetako eta elizateetako bizkaitarrei zuzenbide zibil ezberdinak aplikatzen  zaie, dualtasun juridiko horrek suposatzen duen bereizketa ulergaitza oraindik mantentzen da.

Zuzenbide Zibil berriagaz dualtasun hori desagertuko da.
Bai. Lehenengoz Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban lege zibil berdina aplikatuko da. Euskal auzotasun zibila egongo da, hori da aldaketa nabarmenena. Bizkaian, konkretuki, auzotasun zibil bi izatetik, bat izatera pasatuko gara. Hala ere, tokian tokiko erakunde  juridiko bereziak mantenduko dira. Bizkaian, adibidez, Tronkalitatea eta ezkontzaren ondasunak arautzen dituen Foru Komunikazioa.

Beraz, tronkalitatea bere horretan mantenduko da.
Bai, baina, muturreko ondorioak eragiten zituzten arauak zuzendu dira; adibidez, tronkaleko senideak ez direnen aldeko doako eskualdaketak ez dira guztiz baliogabeak izango, eta tronkaleko ondasunen gaineko ezkontide edo bikoteen eskubideak zabaldu dira. Dena den, ezkontidea edo bikotea babesteko, eskuordeko bidez egindako testamentua ere badago: ezkontideari boterea ematen zaio ondasunak derrigorrezko oinordekoen artean banatzeko. Nahi duen arte ondasunak gozatu eta banatzeko eskubidea du, nori eman eta oinordetzatik nor baztertu erabakitzekoa ere bai. Aukera hau Gipuzkoara eta Arabara zabalduko da.

Seniparteak asko aldatu dira.
Derrigorrezko oinordekoei dagokien senipartea heren batera murriztuko da erkidego osoan ­—4/5 izan da Bizkaiko forudun, Aramaio eta Laudiokoentzat, eta 2/3 besteentzat—. Hori bai, seniparte hori kolektiboa denez, gura lez banatu daiteke derrigorrezko oinordekoen artean, aukeratzen ez direnak azalpenik gabe baztertuz. Aurrekoen senipartea ere desagertuko  da.

Zuzenbide Zibilaren Batzorde aholku-emailea ere eratu da.
Ikertu, aldatze proposamenak aurkeztu eta Euskal Zuzenbide Zibila zabaltzeko sortu da. Tradiziotik datozen erakunde juridikoak eguneratu eta zabaldu dira, auzotasun zibil bakarra sortu eta bereizketa handi eta bidebakoak baztertuz. Baina, zuzenbide zibilaren beste eremuetara hedatzeko ateak zabalik daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!