Erlazioetan baloratuak edo maitatuak izan ez diren emakumeentzat ikastaroa antolatu dute

Anboto 2015ko ira. 11a, 16:00

Astelehenetik aurrera, Jabekuntza Eskolako aurtengo ikastaroetan izena eman ahalko dute emakumeek, Andragunean.

Aurten hiru ikastaro berri egongo dira aukeran. Gure genealogia feministak ikastaroan Euskal Herriko mugimendu feministaren historia aztertuko dute, Miren Aranguren eta Edurne Epelderen eskutik. Hiria josten ikastaroan hirigintza genero ikuspegitik landuko dute, Ane Abarrategigaz. Gure burua maitatzen ikasten, ostera, "hartu-eman toxikoak" bizi izan dituzten emakumeentzat izango da, erlazioetan baloratuak edota maitatuak izan ez direnentzat hain zuzen. Itziar Gandiak gidatuko du.

Guztira 400dik gora emakumerentzako lekua egongo da ikastaroetan. Irailaren 23ra arte eman ahalko da izena, eta matrikulazioa urriaren 1etik 9ra egin beharko da.

Kopurua hirukoiztu

Pilar Ríos alkateordeak azaldu duenez, 2009an sortu zen Jabekuntza Eskola elkarte feministen eta udal sailaren ekimenez, eta ordutik hona hirukoiztu egin da partaideen kopurua. Formazioaz aparte, parte-hartzea sustatzea, emakumeen arteko elkarlana sortzea eta ikuspegi feminista hedatzea dira helburuak, Ríosek dioenez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!