ELAk prebarikazioa leporatu dio Durangoko Udalari, eta gezurretan ibiltzea Pilar Ríosi

Anboto 2015ko ira. 9a, 12:30

Enplegu Planaren ondorioz, 6.000 euroko isuna ipini zion jaurlaritzak udalari, beharginen kontratazio ilegala egiteagatik. Piztu den polemikaren harira, ELAk prentsaurrekoa eman du. Erantzukizun politikoak eskatu dituzte Jose Ramon Lasarguren ordezkariak eta Alain Garcia abokatuak, eta Pilar Ríos kritikatu dute, bere adierazpenak "herritarrak nahasteko" izan direla uste dutelako.

Udalari ezarritako isunaz berba egin zuten EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk, baina gaia azaleratu zuenaren iritzia jakiteko zegoen oraindik. Bada, ELAk prentsaurreko gogorra eman du udalaren eta Pilar Ríos (PSE-EE) Enplegu batzordeko presidentearen kontra. Sindikatuaren arabera, udalak prebarikatu egin du: "Legezkotasunarekin bat ez datorren erabaki bat jakinaren gainean hartu zen, hamahiru langileren kaltetan". ELAren ustez, PSE-EEk eta EAJk dirua aurreztu gura zuten, beharginei sektoreko hitzarmena ezarrita udal hitzarmena beharrean. Hori posible egiteko, Zabaltzen-Sartu enpresari eskatu zioten kontratazioak egiteko.

ELAk adierazi du Jaurlaritzaren txostenean udaleko batzordeetako aktak agertzen direla, eta bertan agertzen direla udalaren asmoak eta prozedurak. Gero, erabakia hartu zenean, langileen ordezkariek ekintza ilegal bat zela abisu eman zieten udal arduradunei, eta ELAk ere aurretiazko erreklamazio bat aurkeztu zuen. Baina, udalak aurrera egin zuen bere asmoekin.

Bestalde, udalari gezurretan ibiltzea leporatu dio ELAk, eta batez ere Pilar Ríosi, joan zen astean prentsan egindako adierazpenengatik. Ríosek esan zuen kontratatutako beharginek 2.551 euroko soldata zutela: "Gure bekatu bakarra epe luzeko hamaika langabetuk hilean 2.551 euro kobratzea izan da". ELAko kideek azaldu dute ez dela egia, 1.500 edo asko jota 1.700 euro kobratu dituztela, eta nomina bat erakutsi dute froga lez.  Gainera, mingarriak iruditu zaizkie berba horiek; behar zena baino gutxiago ordaindu arren, "eliteko soldatak" eman izana islatzen dute ELAkoen ustez. "Enplegu batzordeko presidenteak egindako adierazpenez, esan dezakegu herritarrak nahasteko direla, eta ez dagozkiola ezkertiar bati".

Zantzuak eta erantzukizunak

Bestalde, Lanbideko 162.000 euroez aparte, beste 58.000 euro eman zizkion udalak Sartu-Zabaltzeni,  aparteko kostuengatik eta kudeaketagatik. Horietatik 28.000 euro koordinazio lanengatik eman zituzten, eta ELAren arabera, lan hori udal teknikariek egin zuten. Horregatik, "herri-funtsak bidegabe bideratzearen zantzuak" ikusi ditu sindikatuak, eta dirua bueltatzeko eskatu dio Zabaltzen-Sarturi.

Beharginei zor zaien dirua bueltatzea exijitu du ELAk, eta udal arduradunei erantzukizun politikoak eskatu dizkiete. Gainera, isuna eta errekurtsoen gastuak politikariek euren poltsikotik ordaintzea eskatu dute, diru publikotik barik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!