EHBildu: “Pilar Rios enplegu arloko kargutik kentzea eskatzen diogu gobernu taldeari”

Anboto 2015ko ira. 2a, 14:38
Durangoko EHBilduko Dani Maeztu eta Eider Uribe, gaur prentsaurrekoa eskaini duten zinegotzietako bi.

Lan ikuskaritzak 6.251 euroko isuna ipini dio Durangoko Udalari langile batzuen kontratazio motan “arau hauste larriak” ikusita. EHBilduren ustez Pilar Rios zinegotzia (PSE) izan zen kontratazio “ilegal” hori sustatu zuena aurreko legegintzaldian. Gaur egun, enplegu arloko zinegotzi arduraduna da. Isuna EAJ eta PSEren artean ordaindu dezatela ere eskatu du. Gobernu taldeak, bere aldetik, isunaren sententzia errekurrituko du: “Isuna injustoa dela uste dugu”.

EHBilduk “erantzukizunak nork bere gain” hartzeko sasoi dela adierazi du gaurko prentsaurrekoan. Erantzukizunak Pilar Rios zinegotziaren eta EAJ-PSEk osatutako gobernu taldearen gainean ezarri ditu. Pilar Rios Lan ikuskaritzak ilegaltzat jo duen kontrazio motaren erantzulea dela uste du: “Bera —Pilar Rios— izan zen aurreko legegintzaldian kontratazio ilegal hau sustatu zuena”, adierazi du Dani Maeztuk. Beraz, "enplegu arloko kargutik kentzeko eskatzen diogu gobernu taldeari".

Horrez gainera, isunaren kopurua EAJ eta PSEri erdibana ordaintzeko eskatu diete: “Euren ilegaltasunak ez ditugu herritarrok ordaindu behar. Beraz, guretzako zuzena izango litzateke udal talde hauek jasotzen duten diru partidetatik ordaintzea”.

Aurreko legealdian mozio bidez enplegu planak bai, baina udal hitzarmen kolektiboa aplikatuz garatzeko mozio bat aurkeztu zutela gogoratu dute, zeren “zoritxarrez bagenekien hau gerta zitekeela, baina EAJk eta PSEk nahiago izan dute bide ilegal bat onartzea”. Hurrengo osoko bilkuran gai honekin beste mozio bat aurkeztuko dutela iragarri dute: “Kalitatezko enplegu publikoa defendatzeko plan bat. Gaur egun dauden beharrizan eta gabeziei aurre egiteaz gainera, dagoen behin betikotasunari aurre egitea helburu duen enplegu plana”. Udaleko langileen %40ak bitarteko izaera dutela adierazi du.

Lan ikuskaritzaren isunak ELA sindikatuak udalaren kontra jarritako salaketa batean du sorburua. Lanbidek 162.000 euro eman zizkion udalari, Jaurlaritzako enplegu plana  finantziatzeko. Baina kontratazio hori gizarteratzea sustatzen duen Zabaltzen-Sartu erakundearen bitartez egin zuen. Langileei Bizkaiko sektoreko hitzarmena ezarri zitzaien udal hitzarmena beharrean, eta sei hileko epean bakoitzak 3.000 euro gutxiago jaso zituen ELAren arabera. ELAk egoera horren aurrean jarri zuen salaketa.

Gobernu Taldeak isunaren erabakia errekurrituko du

Gobernu Taldea (EAJ-PSE) ez dago ados Lan Ikuskaritzak jarritako isunagaz: “Erabaki injustoa dela iruditzen zaigu”, adierazi dute idatziz eta euren jardunbidea defendatu dute: “Udalak momentu oro zuzen jokatu du eta legediak ezartzen zituen arauak errespetatu dira”. Beraz, Lan Ikuskaritzaren isunaren aurrean “udalak errekurtso administratiboa jarriko du”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!