Iker Oceja EAJko zinegotziak adierazi du Pinondon ez dela ezarriko aurten Txosnagunea. Errotazio sistema errespetatu gura dute horrela, iaz bete ez zena, bigarren urtez segidan Pinondon egon baitzen. Aurten berriro han ipintzea "gehiegizkoa" dela uste du zinegotziak. "Auzokideek haserrea agertu dute, eta arrazoiagaz, gainera". Txosna batzordeak, ostera, Txosnagunearentzako leku naturala Pinondo dela esan izan du sarritan.
Aparte, udal teknikarien talde bateratu bat (brigada, garbiketa edota udaltzaingoa barne) beste leku batzuk aztertzen ibili dela esan du Ocejak; Kurutziaga, Tabira, Galtzareta, Zumar eta Amilibiako eremua (Sapuetxe ondokoa).
Baina aukera guzti horien aurretik, Landako Gunea proposatu du gobernu taldeak. "Txosnek erdialdeko gune bat gura dutela eta Pinondo ezin dela izan jakinda, aukera gutxi geratzen dira", adierazi du Ocejak. Landako Gunearen aukera ez litzateke izango behinbetiko, aurtengo aldirako baizik.
Erabakia ahalik eta arinen hartzeko asmoa dutela azaldu du zinegotziak. "Txosna batzordea egitaraua lantzen hasi behar da, eta horretarako lekua jakin behar dute. Udaleko jai batzordeak ere argi eduki behar du, egitaraua osatzen jarraitzeko".