Tabirako gaztetxea

Tabirako gaztetxeko kideak: "Jabeek ez dute mehatxutzat hartu gu hemen egotea"

Anboto 2015ko uzt. 3a, 09:28

Delgado eta Baños, okupatutako eraikinaren aurrealdean.

Duela urtebete, ‘Baguez gure espazio bile’ dinamikan batu ziren Iratxe Delgado (1994) eta Anes Baños (1995), beste hainbat gaztegaz batera. Udalari espazio bat eskatu zioten, baina, erantzunik ez dute jaso, eta, joan zen zapatuan, Fundifes fabrika zaharreko bulegoak okupatzea erabaki zuten. Fundifeseko beharginak dira eraikinaren jabeak, eta gazteek euregaz akordio batera heldu gura dute. Lehengo Sapuetxe gaztetxearen proiektua aldatu denez, Tabiran dago gaur egun Durangoko gaztetxea.


Zergatik aukeratu duzue okupazioaren bidea?
Anes Baños: Urtebetean, udaletik ez dira ezertarako hurbildu, ez dute erakutsi gazteenganako ardurarik. Gure eskaeraren aurrean, erantzun bat eman beharko lukete.
Iratxe Delgado: Arazo horiei aterabiderik ematen ez bazaie, guk zer baliabide dugu?

Zelan konpondu zarete eraikinaren jabeekin?
I.D.: Eraikina abandonatuta zegoen, hutsik, eta arazoak ekarri ditu. Gu egoteak ekarpen positibo bat egiten duela uste dugu. Jabeek ez dute mehatxutzat hartu gu hemen egotea. Ez da euren kontrako ezer.

Udaltzainak sartu zirenean, identifikatutako lehen gazteak izan zineten. Zelan, geroztik?
A.B.: Jakin dugu ez daukagula salaketarik, eta horrek asko lasaitu gaitu. Udaltzainak eta ertzainak une oro dabiltza bertatik pasatzen, eta horrek bai sortzen du egonezin apur bat.

Dozenaka gazteren iniziatiba nabarmendu duzue.
A.B.: Ikaragarria izan zen ordubetean lehenengo bi pisuak ia osorik garbitu izana. Bagenekien lana gogorra izango zela, baina jakin dugu eramaten. Gainera, auzolanaz aparte, gauez kontzertuak, bertso saioak eta jokoak eskaini ditugu.
I.D.: Lehen egunean, sekulako poza hartu nuen. Jendea hain konbentzituta ikusten nuen... Aspaldi ez genuen sentitzen denok bat ginela. Bestalde, gauza txikiekin asko ikasi dut. Adibidez, atzo pertsianak konpontzen egon ginen, eta gutako inork ez du hori inoiz egin. Gure arteko zaintza ere polita izan da.

Duela hamarkada biko okupazioetan ez bezala, gehiengo handia neskak zarete.
A.B.: Ohartu barik gertatu den zerbait izan da, baina uste dut positiboa dela. Batzarretan, gehienak neskak ginen, baina, okupatzean, kopurua handitu egin da. Lehenago, gaztetxeei lotutako mugimendua maskulinoagoa zen, genero zein jarrera aldetik.

Ateak zabalik daude?
I.D.: Hurbildu diren guztiei eskerrak eman gura dizkiegu, eta etorri ez direnak gonbidatu nahi ditugu. Eragileen beharrizanak ere ezagutu gura ditugu espazioa antolatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!