Hauteslekua pilotalekuan egokitu ez izana kritikatu dute San Faustoko auzokide batzuek

Anboto 2015ko eka. 26a, 11:01

San Faustoko auzokide batzuk kexu agertu dira maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetarako pilotalekuaren atarian hauteslekutzat egitura aurrefabrikatu bat jarri zutelako.

San Faustoko bizilagun horiek pilotalekua leku egokitzat jotzen zuten, eta horrela jakinarazi zioten Hauteskunde Batzordeari. “Alkateak lokal horri ezezkoa eman zion, espazio erdi irekia zela argudiatuta eta baldintza klimatologikoek eragin zezaketelakoan; hormen faltan, euria sartu zitekeelako-edo. Alkateak uste du pilotalekua ez dela auzokoa, eta pilota eskolarentzat bakarrik nahi du”. Era berean, auzokideek diote azpiegiturak balio zituen 5.742,13 euroak auzoan “hobekuntzak” egitera bideratu zitezkeela.

Klimatizazio arazoak
Auzokide batzuen kexa horrek udalaren erantzuna bando bidez jaso du. Udal arduradunek diotenez, Estatistika Institutu Nazionalak bitan banatu zuen auzo etxeko hauteskunde-mahaia, eta beste leku bat topatu behar izan zuten. Pilotalekuak, beharrezko probak egin eta gero, ez duela gutxieneko klimatizazioa bermatzen ondorioztatu zuten. Gainera, udalaren arabera, auzo elkarteekin batzarrak egin dituzte pilotalekua kudeatzeko hitzarmena adosteko, “auzokoek aukera izan dezaten pilotalekua erabiltzeko eta disfrutatzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!