Ina Oleaga, Alpino: "Zailtasun berezirik bakoak dira egingo ditugun ibilbide gehienak"

Anboto 2015ko eka. 17a, 10:41

Alpino Tabira elkarteak udarako bidaiak antolatzen ditu urtero-urtero. Aurten Kroaziara eta Montenegrora egingo dute hamabost eguneko bidaia. Ina Oleaga Alpinoko kideak euren planaren berri eman du. Bi plaza gelditzen dira aurtengo bidaiarako.

Kroazia eta Montenegro izango dira, aurten, abuztuko bidaiaren helmuga. Zergatik aukeratu dituzue leku horiek?
Oso mendialde zein kostalde ederreko lekuak direlako pentsatu dugu aurten herrialde horietara bidaiatzea. Bazkide batek proposatu zuen Kroazia eta Montenegrora joateko aukera. Aurreko urteetako bidaietakoak baino ibilaldi lasaiagoak egingo ditugu aurten.

Prestakuntza fisiko berezirik ez da behar, beraz, egingo dituzuen ibilaldietarako?
Ez; orokorrean, zailtasun berezirik bako ibilaldiak dira, nahiz eta bi egunetan mila metroko desnibela egiteko aukera ere izango dugun. Baina kontua da norberak ikusi behar duela noraino iritsi. Ibilaldiaren bezperan ematen dugu hurrengo eguneko txangoaren inguruko informazio guztia, eta norberak erabakitzen du joango den ala ez.  

Bi plaza baino ez dira gelditzen aurtengo bidaiarako, ezta?
Bai, 30 lagunentzako lekua daukagu, eta 28k eman dute izena dagoeneko. Baina interesa daukanari esango nioke, edozelan ere, etorri dadila galdetzera. Izan ere, bi hilabete falta dira oraindik, eta beti egoten dira azken orduko aukerak.  

Izena ematen duten gehienak Alpinoko bazkideak izaten dira?
Bai. Kasu honetan, izena eman duten guztiak dira Alpinoko bazkideak. Izena emateko lehentasuna ematen diegu, eta deskontuak izaten dituzte; 200 euro gutxiago ordaintzen dute bidaia honetan.

Bazkideen arteko hartu-emanerako aukera ederra izango dira bidaiok...
Horrela da, bai. Hamabost egun horietan estutu egiten da gure arteko harremana. Beti esaten dut hauxe dela Alpino: jende eta leku pilo bat ezagutzeko aukera. Bitxia da, esaterako, zenbat bikote atera diren Alpino elkartean sortutako harremanetatik. Alpinon elkar ezagutu duten lau bikote etorriko dira, esaterako, Balkanetara.

Urtero desberdina izaten da egiten dituzuen bidaietako ibilaldien zailtasuna?
Bai, eta jendea harritu ere egiten da batzuetan. Esaterako, iaz, Tenerifera joan ginen, eta jende gehienak hondartzagaz lotzen zuen leku hori. Batzuen harridurarako, ibilbide batzuk gogorrak izan ziren; Bidaia hartan Teide igo zuten lagun batzuek, 0 metrotik 4.000 metroko altituderainoko igoera egin zuten.

Zenbat urte dira Alpinok udako bidaiak antolatzen dituena?
Urte mordoa da hasi ginela... Gogoratu ere ez dut egiten zer urtetan hasi ginen! [Barrez]. Hainbat lekutan ibili gara gaztetatik: Tenerife, Mallorca, Aran ibarra, Eslovenia, Dolomitak, Maroko, Korsika, Alpeak eta beste hainbat leku eder ezagutu ditugu Alpinogaz.

Asko aldatu dira gauzak bidaia hauek antolatzen hasi zinetenetik?
Bai, gauza asko aldatu dira azken urteetan. Esaterako, lehen, gauak kanpin-dendan egiten genituen sarritan, mendian bertan. Orain, hoteletan eta aterpetxeetan egiten dugu lo. Kroaziako eta Montenegroko bidaia da horren adibide.

Abuztukoaz gainera, ekaineko asteburuetan, hurbilagoko lekuetara ohiko irteerak antolatzen jarraitzen duzue.
Bai, noski. Joan zen asteburuan, Aralarren egon ginen, esaterako, eta hurrengoetarako Ebroko GRa egitera eta Pirineotara joateko asmoa dugu.

Urtean barrena, asteburuetako irteeretara ere jende asko animatzen da?
Aralarrera 30 lagun joan gara. Esango nuke azken urteetan beheraka egiten gabiltzala zentzu horretan. Sasoi batean, gertuko irteera horietara joateko, lau autobus betetzen genituen.

Mendizaletasun handia dago, baina, oraindik ere, ezta?
Bai, badago! Aldatu dena, beharbada, bestelako ohiturak dira. Autobusean joateak badauzka bere abantailak, baina antolatuta dago, eta ordutegi batzuk daude markatuta. Nik uste dut, gaur egun, jendeak asko baloratzen duela, esaterako, autoak ematen dizun askatasuna.

Zenbat bazkide zarete gaur egun?
2.216 lagun inguru gara. Zaharrak, umeak... Adin eta kondizio guztietako bazkideek osatzen dugu Alpino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!