Intxaurre Eguna maskarada bategaz ospatuko dute

Anboto 2015ko eka. 11a, 10:41

Gaztedi maskarada taldeko kideak.

Intxaurre kultur elkarteak jaialdia iragarri du zapaturako, eta maskarada izango da eguneko ekitaldi aipagarrienetakoa. Gaztedi taldeak eskainiko du maskarada, 11:30etik aurrera, eta Ezkurdin, Madalenan, Plateruenaren parean, Andra Marian eta Balbino Garitaonandia plazan ikusi ahalko da. Ekitaldi hori, gainera, Durangoko Euskal Astearen barrukoa da. Izan ere, Intxaurrek ere parte hartu du aurtengo egitarauaren lanketan.


Maskaradaren ostean, herri bazkarian batuko dira, eta, arratsaldean, Urruñako (Lapurdi) Polekeleke txarangagaz poteoa egingo dute. Gauean, kontzertuen txanda helduko da: Ganorabakuek, Baghdad eta La Basu izango dira musika  taldeak.

Domekan, txakolina
Zapatuko maskarada ez da Euskal Astearen harira asteburuan egingo den ekitaldi bakarra. Adibidez, domekarako Txakolin Eguna antolatu dute Alde Zaharreko tabernariek. 12:00etatik 15:00etara egongo da dastaketarako aukera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!