Silikosia diagnostikatu diote hamaika langileri. Egoera latza bizi duzue Fumbarrin.
Ion Ugarte: 2011tik gaurdaino hamaika langileri diagnostikatu diote silikosia, eta, aurten, bi langile gehiago bideratu ditu mutuak Silikosiaren Institutu Nazionalera (Oviedo, Asturias) azterketa egiteko, gaixo egon daitezkeen susmoa hartuta. Eta badakigu, 2011 baino lehen, gutxienez beste lau kasu egon zirela.
Horren aurrean Fumbarrik hartu izan du neurririk?
Ibon Ruiz: Segurtasun kolektiborako neurririk ez du hartu. Oraindik ere altuegiak diren silizearekiko esposizioak bajatzeko neurriak beharrezkoak dira, eta hori eskatzen diogu enpresari, ez dadin inor gehiago gaixotu. Bestalde, silikosidun langileak mantentzeko konpromisoa ere eskatzen dugu, beti ere, toki egokietan. 2011. urte amaieran hasi ginen, eta 2012an kasu gehiago agertu ziren. Batzarrak eskatu genituen neurriak hartzeko, baina ez genuen erantzunik jaso. Batzuoi asko larritu zitzaigun gaixotasuna urte eta erdian.
I.U.: Neurriak hartu eta egoera hobetzeko, Osalanera jo genuen, eta egindako txostenean jasotako zenbait gauza bete ditu enpresak. Hala ere, gauza bi ditugu argi: ezin da inor gehiago gaixotu, eta gaixo gaudenok ezin gara kalera joan. Adibidez, ni lan egiteko gai naiz, baina silizearekiko esposizioa egokia den toki batean. 50 urtegaz kalean aurkitu naiteke, eta ni metalurgia arlokoa naiz. Damoklesen ezpatapean gaude.
Lan Ikuskaritzak isuna ere jarri izan dio enpresari.
I. R.: Fumbarriren kontra salaketa sartu genuen 2011n, eta Langile Ikuskaritzak onartu zuen silizearekiko esposizio altuaren aurrean enpresak urtetan neurririk ez hartzearen eraginez gaixotu zirela langileak. Prestazio errekargua onartu zuen, eta Fumbarri 20.000 euroko isunagaz zigortu zuen.
Prestazio errekargu hori silikosia dutenentzat lortutako eskubidea da.
I.R.: Bajan gauden tartean edo lanerako ezintasuna onartuta dugunoi %30eko prestazio errekargua ordaintzen zaigu.
Silikosiak birikei eragiten die, silizea arnastearen ondorioz.
I.R.: Bai, ez du atzera bueltarik. Ezin da sendatu; bere horretan mantendu daiteke edo okertu. Arnasteko zailtasunak ditugu.
I.U.: Biriketako tuberkulosia biriketako gaixotasun buxatzaile edo minbizi bihurtu daiteke. Buruari buelta asko ematen zaizkio. Gogorra da.
Silikosiaren kasuan, zehaztuta dago zer egin daitekeen.
I.R.: Oso silize maila altuak agertu direnetan, mutuak gomendatu izan du neurriak hartzea, baina enpresak ez du ezer egin. Orain ematen du zerbaitetan hasi dela. 2015ean ez du izan aurreikusita inbertsiorik segurtasunean, gero zenbait aldaketa ikusi ditugun arren.
I.U.: Egia da enpresagaz hartu-emanak ez direla oso onak. Informazio eta komunikazio falta dago. Ez goaz enpresaren kontra, baina onartu behar du arazoa hor dagoela eta aurre egin behar zaiola denon artean.
Neurriak hartzeko eskatu duzue.
I.U.: Bai, eta 2016ra bitarteko plangintza aurkeztu digute, baina ez da nahikoa.
I.R.: Gainera, oso astiro doa. 2012tik gabiltza, eta orain hasi dira: oso gutxi da egindakoa.
Fumbarri ez da kasu isolatua.
I.R.: Horrelako ehunekoetan bai. Kasu solte batzuk ezagutu izan ditugu urte batzuetatik hona, baina horrenbeste... Orain hasi gara silikosia gehiago ezagutzen. Orain hasi dira agertzen lehengo bekatuak. Meatzaritzagaz lotuta ezagutu dugu gehiago, marmolgintzagaz... Guk 25 urte daramatzagu Fumbarrin lanean. Gaixotasuna azaldu artean ez dugu informaziorik izan.
I.U.: Hamabost urtez arnastu behar da silizea gaixotasuna agertzeko.
Fiskaltzak esku hartu du orain.
I.R.: Dirudienez, Osalanen txostenak eta Lan Ikuskaritzak esandakoa kontuan izanik esku hartu du: gaixo portzentaiagatik, egoerak arduratuta... Ez dakigu zer gertatuko den. Auzitegiko medikuak deituta Bilbora joan ginen, eta, orain, Durangoko epaitegira deitu digute.
I.U.: Ez dakigu fiskaltzak zer egingo duen. Zerbait ikusiko zuen. Neurriak hartzera bultzatu dezake horrek.
Silikosiak dakarren arriskua desagerraraztea eskatzen duzue.
I.R.: Zerora ezin dugu jaitsi, baina maila altuak bajatu bai. Lanpostu batzuetan esposizioa oso altua izan da. Produkzio mailan inbertsio altuak egiten dira, eta oso ondo deritzogu, baina, proportzioan, segurtasun arloan gutxi inbertitzen da.
I.U.: Komunikazioa, inbertsioa eta ez dezatela inor kaleratu eskatzen dugu. Segurtasunaren arloan, enpresaren mentalitatea aldatu behar da; denona aldatu behar da.
Langilearen erantzukizuna ere bada segurtasuna.
I.U.: Bai. Egun bitan ez da aldatzen. Guk ere ikasi egin behar dugu aurpegi-babesagaz lan egiten, segurtasun neurriak erabiltzen... Enpresaren eta langileen partetik egin beharreko lana da.
Zer eskatuko duzue bihar?
I.R.: Silikosia gelditzea, ahal den neurri guztiak jarrita.
I.U.: Gaia gizarteratu nahi dugu. Langileon osasuna ukiezina da; ezin da horregaz jolastu.