Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek Ibilaldiaren lekukoa hartu dute

Anboto 2015ko eka. 1a, 09:05

Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek 2016ko Ibilaldia antolatzeko lekukoa hartu dute, Bilbon. Joseba Balerdi eta Kepa Zengotitabengoa ikastola bietako presidenteek hartu zuten lekukoa Harrobia ikastolako ordezkarien eskutik. Datorren urtean, maiatzaren 29an izango da ikastolen aldeko jaia. Orain, urte osoa izango dute  Ibilaldia antolatzeko.

Testigua jasotzerakoan Kepa Zengotitabengoa Ibaizabal Ikastolako presidenteak azaldu zuenez, "pozez hartzen dugu lekuko hau eta ziur gaude aukera hau aprobetxatuko dugula, eta gure ikastola proiektuaren mezua bazter guztietatik zabalduko dugula. Harro ibiliko gara auzoz auzo, herriz herri gure hezkuntza proiektu nazionala zabaltzen".

Ibilaldia antolatzeak zer lan dakarren ondo dakite Durangon. Izan ere, Ibilaldia Durangon antolatzen duten laugarren aldia izango da hau. 1980an, 1992an eta 2005ean ere Durangon antolatu zuten Bizkaiko ikastolen jaia. "Ondo dakigu Ibilaldi baten antolaketak zer suposatzen duen. Oraindik oso fresko daukagu aurreko esperientzia. Urtebeteko lan ikaragarria izango da, auzolana, konpromisoa. Hauek ere, ikastolen mugimenduaren ezaugarriak dira". Era berean, Ibilaldiak Ibaizabal eta Kurutziaga ikastoletan "ilusioa piztu" du Zengotitabengoaren berbetan, eta 2016ko maiatzaren 29an Durangora etortzeko gonbita luzatu zu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!