Herriaren Eskubidea plataformak hiru zinegotzi lortu ditu Durangon, 1.800 bototik gora jaso ostean. Botoa eman dieten herritar guztiei eskerrak eman dizkiete prentsaurrekoan, baita era batera edo bestera laguntza eman dutenei ere. Adierazi dute kanpainan herritarrekin eta eragile sozialekin batu direla, euren ekarpenak jasoz programa osatzeko, eta legealdian ere lan beragaz jarraitzeko asmoa agertu dute. "Herritarren bozgorailu izan gura dugu", esan du Neskutz Rodriguezek. Partaidetza, gardentasuna, bazterketa sozialaren aurkako lana eta udaleko egoera zein gastuez informatzea izango dira euren oinarriak.
Ekainaren 9an, 19:00etan, Pinondo Etxean egingo dute hurrengo batzarra, eta bertaratzeko deialdi zabala egin dute. Emakumeei dei berezia egin diete, plataformakoen ustez emakumeen parte-hartze politikoa indartu beharreko arlo bat delako. Hori erakusteko, mahaian emakumeak jesarri dira, eta atzean ipini dira gizonak.
Durangoko Udalaren eraketan, gobernua osatzeko akordioen baitan eragina eduki dezakete Herriaren Eskubideko hiru zinegotziek. Amankomunazgoan, ostera, EH Bildu eta EAJren arteko gobernu borrokan giltza izango dira. Gaur ez dute argitu jarrera, eta ekainaren 9ko batzarrean landuko dutela esan dute.