Udal hauteskundeak 2015

“Akordioetara heltzeko ahalegin guztiak egingo ditugu”

Anboto 2015ko mai. 25a, 13:58

Mari Jose Balier, Aitziber Irigoras, Goiztidi Diaz eta Ander Gorrotxategi gaurko prentsaurrekoaren ostean

Durangoko EAJk, Aitziber Irigoras alkategaia buru dela, hauteskundeetako emaitzen balorazioa egin du. Datuek “Durango anitza dela erakutsi dute beste behin”, adierazi du.  EAJk ez du gehiengo osorik eta akordietara heltzeko lan egingo duela dio.

Boto kopuruan zein portzentaian 2011ko datuak hobetu dituztenez “pozik” daude eta herritarrek EAJrengan jarritako konfiantza “erantzukizunez” hartu dutela adierazi du: “Gure konpromisoa erantzukizun hori ahalik ondoen aurrera eramatea izango da”.

“Pertsonen Durango” eraiki gura dute, “pertsonen duintasuna oinarri duena” eta horren alde lan egiteko “egonkortasuna” bilatzen ahaleginduko dira. Izan ere, EAJk gehiengoa lortu du, baina ez gehiengo osoa: “Aurreko urteetan legez Durango eraikitzeko akordioetara heldu behar gara, hori da herritarrek argi adierazi dietena alderdi politiko denei. Durangoren alde akordioak lortzeko ahalegin denak egingo ditugu”.  Ez da egoera arrotza Irigorasentzat, 2003tik honako legegintzaldietan gehiengo oso barik gobernatu duelako. Akordioak lortzeko bidean alderdi denekin berba egiteko asmoa erakutsi du. Edozelan ere, ekainaren 13an udala eratzeko egingo den ekitaldian alkate izendatua izateko konfiantza osoa erakutsi du: “Ez dut hori ez den beste eszenatokirik kontenplatzen”.

Herritarron Eskubideari “ongi etorria” eman dio eta Durangon dagoen aniztasunaren beste adibide bat dela adierazi du.

EAJri eskerrak eman dizkio beregan eta bere taldearengan jarri duen konfiantzagatik eta zinegotzi kargua utziko duten Ander Gorrotxategi, Andoni Iruarrizaga eta Jon Kepa Garroren lana eskertu du. Aurten hil den Natxo Martinez EAJko zinegotzi izana ere gogoratu du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!