Udal hauteskundeak 2015

Auzoetako ekarpenak konpromiso bihurtu ditu Durangoko EH Bilduk

Anboto 2015ko mai. 21a, 13:04

Auzoz auzo batzarrak egin ditu EH Bilduk azken asteetan, eta elkarteekin ere batu da. Ekarpen berriak gehituta, 201 konpromisoko programa aurkeztu du Dani Maeztu zerrendaburu duen koalizioak.

Auzoz auzo herritarrekin batzartu dira EH Bilduko kideak, eta horiek egindako ekarpenak hurrengo legealdirako konpromiso bihurtu ditu koalizioak, gobernura helduz gero, noski. Aro berri baterako proposamenak izeneko dokumentuan jaso dituzte parte-hartze prozesu osoko ekarpenak, eta euren webgunean dago informazioa.

Udalaren gestioa egiten badute, partaidetza zuzenerako mekanismoak ipiniko dituztela azaldu du Eider Uribek. Adibidez, auzo kontseiluak sortzea. Hain zuzen ere, herritarrek batzarretan haserrea agertu dutela esan du Dani Maeztuk: "Argi utzi digute hartueman zuzenerako beharra dagoela". Izan ere, Uriberen arabera, "elkarteek oztopoak eta burokrazia gehiegi" topatu dituzte udalean. "Harresi burokratikoa" deitu dio Maeztuk.

Bestalde, kanpainaren balorazioa eginez, euren asmoa "kanpaina garbia eta eraikitzailea egitea" izan dela adierazi du Uribek, eta bere ustetan lortu dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!