"Gure boto-paperaren mezua argia da: EAJ oposiziora, herritarrak alkatetzara". Aldaketa hori Durango hobetzeko asmoz egin gura dutela azaldu du Maeztuk, eta adierazi du horretarako modu bakarra EH Bilduk hauteskundeak irabaztea dela. Horregatik, koalizioari botoa emateko deia egin du. "Eredu aldaketa bortitza" lortu gura dute, bere esanetan: "Oposiziora bidali, astelehenetik aurrera, Durango zementuz eta adreiluz josi dutenak. Durangoko oligarkia eta bere jauntxoak euren etxeetara bidaltzea". Protagonistak herritarrak izango diren eredua bultzatzea da euren asmoa.
EAJri zuzenduta, beldurraren mezua zabaltzen ibiltzea egotzi dio EH Bilduren alkategaiak. "Txolloa amaitzeko beldurra dute, eta horregatik, azken aukera lez, beldurraren diskurtsora jo dute".
Ezker soberanistaren indar metaketa gaitzat hartuta, EH Bilduren zerrendaburuak azaldu du bizi duten momentua ez sinistekoa dela, pentsaezina zela duela lau bat urte, baina hasi direla sinisten aldaketa posible dela.
Merkatu plazan burututako ekitaldira 200dik gora lagun batu dira, eta besteak beste, Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek eta Antton musikariek parte hartu dute berbaldien tarteetan.