Mendibeltzek 10. urteurrena ospatuko du zapatuan

Anboto 2015ko mai. 20a, 09:00

Mendibeltzen aurtengo taldea

Taldean dabiltzan edo ibili diren 30 jokalari batuko dira Landako kiroldegian jokatuko duten txapelketan.

Durangoko Mendibeltz areto futbol taldeak 10 urte egin ditu eta larunbatean hainbat ekitaldi prestatu dituzte urteurrena ospatzeko. Esaterako, goizeko 10:30ean Mendibeltz sortu zenetik gaur egunera arteko 32 jokalari batu eta txapelketa bat jokatuko dute Landako kiroldegian.

Mendibeltzen ‘familia’ elkartzeko aitzakia izango da. Taldetik igaro diren 45 bat jokalarietatik gehienak batuko dituzte areto futbolean jokatu eta kontu-kontari aritzeko. Jokalariak hiru taldetan banatuko dituzte; hasierako hiru urteetan ari zirenak, ondorengo bost-sei urteetakoak eta aurtengo denboraldikoak.

Ondoren, 13:00etan, zaleak eta jokalariak Santa Anan batuko dira familia argazkiak ateratzeko eta tabernetatik poteoan ibili ostean Plateruenean bazkalduko dute.

Lagun giroko taldea

Luisma Reyes taldeko sortzaileetakoa da eta harrezkero jokalari, entrenatzaile… denetarik egitea egokitu zaio. Gaur egun, taldeko presidentea da. Bigarren Erregionaleko taldea diren heinean, irabazteko exijentzia baino “lagun giroa” lehenetsi duten taldea izan direla dio: “Taldeko giro ona bilatzen dugu eta jendeari areto futbolean aritzeko aukera eskaintzea”.

Jokalarietako asko futbolean aritu ziren gazteagotan. Ondoren, futbola utzi ostean, areto futbolean jokatzeko batzen ziren bost-sei lagun eta horien artean sortu zuten taldea 2005ean.  Gero beste hainbat ezagun batu zitzaizkien. Harrezkero, ia beti Bigarren Erregionalean aritu dira. 2010ean igoera lortu zuten, baina hurrengo urtean jaitsi egin ziren.  

Oro har, talde gaztea da Mendibeltz. Jokalari zaharrenak 29 urte ditu eta gazteei areto futbolerako atea irekitzen ere saitzen dira: 19 urteko bi abadiñarrek eta beste bi durangarrek jokatzen dute taldean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!