Udal hauteskundeak 2015

Tren geltokiaren inguruko lurretan gune berde baten beharra azpimarratu du EHBilduk

Anboto 2015ko mai. 18a, 13:55

Durangoko “arnasgunea” izango litzateke eta eredu “osasuntsuagoa eta jasangarriagoa” bilatuko luke. Durangoko “Central Park, Durango erdiguneko berdegunea” moduan definitu dute euren asmoa. Gaur azaldu duten planteamendua herritarrekin eztabaidatzeko asmoa dute prozesu parte hartzaile baten bidez.

Trena lurperatu ostean gainaldean libre geratutako lur zorurako zer asmo dituen azaldu du Durangoko EHBilduk. 2005eko proiektuak, besteak beste, bost dorretan banatutako 600 etxebizitza eta eliza bat aurreikusten ditu. Eredu hori “burbuilaren garaikoa da”, Jon Andoni del Amoren (hirugarren EHBilduren zerrendan) ustez eta “orain ez da bideragarria”: “Ez du ez buru eta ez hanka EAJren proposamenak eta berraztertu beharra dago”. Beraz, “enpresa promotoreek erabakitako” etxebizitza eredu “espekulatzaile” baten ordez, “herritarren laguntzagaz diseinatutako gune berdea” proposatu dute: “Durangok parke handi bat behar du, arnasgunea, trenbideak banatutako Durango biak bakar batean batuko dituena, osasuntsuagoa eta jasangarriagoa”.

Gaur plazaratutako planteamendua herritarrekin eztabaidatuko dutela adierazi dute, prozesu parte hartzaile baten bidez. Gune berdea oinarri dela, hainbat azpiegitura proposatu dituzte. Espazio libre horren gaineko proiektu bat egiten dabilen Eloi Landia arkitektura ikasleak (13. zerrendan) eman ditu azalpenak. Batetik, Ideien Geltokia deritzona sustatu gura dute: proiektu berritzaileak garatzeko espazio komunitario eta kooperatiboa izango litzateke; esaterako, langabeziari aurre egiteko hausnarketa gauzatuko luke. Zentro Zibiko bat ere sortu gura dute inguruko bizilagunentzat eta bizilagunek eurek kudeatuko luketena. Azpiegitura bi horiek dagoeneko eginda dauden eraikinetan kokatuko lituzkete. Beste lur zati bat ortu urbanoak egiteko erabiltzea da asmoa inguruko bizilagunen autokontsumoa bultzatzeko helburuz. Azkenik, trenbide zaharreko lur zorua bidegorri sarearen bizkarrezur bihurtu gura dute “banatutako Durango biak batuko lituzkeena”, Landiaren esanetan.

Durangoko EHBilduren planteamendua:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!