Nepaleko lurrikaran kaltetuen aldeko kontzertua eskainiko du Vanessa Goikoetxea sopranoak

Nepaleko lurrikaran kaltetuen aldeko kontzertua eskainiko du Vanessa Goikoetxea sopranoak

Domekan, maiatzaren 24an, arratsaldeko 19:00etan izango da kontzertua, Andra Mariko basilikan. Nazioarte mailako sopranoaz gainera, Xabier Aranak parte hartuko du organoagaz.

Vanessa Goikoetxeari berari okurritu zitzaion Nepaleko kaltetuen aldeko kontzertu solidario bat antolatzeko ideia. Xabier Arana organujoleagaz berba egin zuen lehenik, eta Tabirako unitate pastoralera jo zuten gero. Durangaldeko zazpi herri batzen dituen unitate horrek kontzertua bultzatu du, eta batzen duten dirua Caritasi emango diote, Nepalera bideratzeko.

Nepaleko kaltetuei laguntzeko, bakoitzak ahal duena eskaintzeko gonbidapena egin du Goikoetxeak: "Jendeak jakin dezala, edozein ekarpen handia izan ahal dela eurentzat". Kontzertuan eten bat egingo dute, eta orduan pasako dituzte poltsak dirua batzeko. Xabier Aranak azaldu du errepertorioa erlijiosoa izango dela, eta Bach edota Mozart lako autoreen piezak joko dituztela. Jendeak eskatuz gero beste bi ere eskainiko dituzte, kasu honetan erlijiotik kanpokoak.

Nazioartean lanean dabilen soprano durangarra da Goikoetxea. Madrilen ikasi zuen, eta masterra Munichen (Alemania) burutu zuen. AEBetan, Japonian, Alemanian, eta Italian ibili izan da, eta orain Madrilen egon berri da Zarzuela antzokian. Aste honetan bertan Erromara (Italia) doa, eta Durangoko emanaldia eta gero, abenduan bueltatuko da berriro Euskal Herrira, Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz Euskalduna jauregian eskainiko duen kontzerturako.

3.800 euro batuta

Jose Agustin Maiz Andra Mariko parrokoak azaldu du joan zen astean ere eliztarren artean dirua batu zutela Nepalera bideratzeko, eta 3.800 euro batzea lortu zutela. Domekako ekitaldiagaz, lan hori "biribildu" egingo dela uste du Maizek.