3. mailako azterketari planto egingo diotela esan dute hezkuntza plataformek

Anboto 2015ko mai. 9a, 12:45

Euskal Herriko Hezkuntza Plataformen Topaguneak agerraldia egin du Durangon. Bozeramaileek ohartarazi dutenez, "LOMCE aplikatzen dela ziurtatzeko, errebalidak jarri dituzte martxan". 3. mailako azterketari planto egingo diotela esan dute: "Ez dugu inposaketarik onartuko".

Hezkuntza Plataformen Topaguneko Samuel Pasandinek irakurri du mezua euskaraz. EAJ eta UPN kritikatu ditu, bere arabera, LOMCE espainiar legea aplikatzen hasi direlako Jaurlaritzatik eta Nafar gobernutik. Horren adibideak ipini ditu: ingurune ikasgaia bitan zatitzea, erlijioa lehentasunezko ikasgai bihurtzea, erabat euskalduntzen ez duten ereduak mantentzea, edota erabaki organo gorenetako erabakitzeko eskubidea murriztu dela. Baina gainera, 3. mailako azterketa egin beharrak legea ezarri dela erakusten du Pasandinen iritziz.

Nafarroan asteon hasi dira azterketa hori egiten, eta Pasandinek nabarmendu du planto egiten hasi direla jada: "Hamaika izan dira azterketa egin ez duten ikastetxeak, hamaika azterketa egin ez duten ikasleak eta hamaika ere planto egin duten familiak". Guzti horiei eta Txantreako (Iruñea) itxialdian parte hartu zutenei babesa erakutsi die. Eusko Jaurlaritzari, ostera, "isilean" ibiltzea egotzi dio, eta erantzuteko prest daudela abisu eman dio Hezkuntza sailburuari: "Jakin dezala Uriarte andreak, gu ere antolatzen hasiak garela eta froga hauei planto egingo diegula".

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!