Durangon, bizikletan segurtasunez ibiltzeko aurrerapausoak ematen dabiltza

Anboto 2015ko mai. 8a, 11:30

Joan zen astean, bizikletan espaloitik zihoan lagun batek emakume bat harrapatu zuen Juan Antonio Abasolo kalean. Emakumea ospitalera eraman behar izan zuten, eta bizikletariari salaketa ipini zioten. Durangon gero eta jende gehiago dabil bizikletan, baina zeintzuk dira oinezkoen eta zikloturisten arteko elkarbizitzarako gakoak? Hainbat sektoretatik bizikletaz segurtasunez ibiltzeko aurrerapausoak ematen dabiltza.


Hiri barruko zikloturisten Sigi Saga elkarteko Patxi Torregrosak uste du txirrindulari batzuk buru barik dabiltzala kaletik: “Gazteek telebistan ikusten dutena egiten dute, eta zoroen moduan dabiltza bizikletagaz. Nagusiek uste dute denok garela euren modukoak”. Torregrosak azaldu duenez, arauak dio ezin dela espaloitik joan, bidegorria erabili behar dela, edo, bestela, errepidera salto egin, eta hango arauak onartu behar direla. Gainera, zebra bidea pasatzeko, bizikleta eskuetan hartu behar dela ere gogoratu du. Edozelan ere, arauetan baino errespetuan ikusten du giltza: “Badakit espaloitik joatea txarto dagoela, baina, oinez doana molestatzen ez badut, zergatik ez naiz joango?”.

Torregrosaren iritziz, aurrerapausoak ematen dabiltza Durangon. Kontzientziazioa garrantzitsua dela dio, eta umeen hezkuntza ere bai. Hain zuzen, ikastetxeetako umeekin hainbat saio eta irteera egin dituzte Sigi Sagak zein Durangesa taldeak, eta Stop Accidentes elkarteak ere kanpainak garatu ditu.
Durangoko hamar kilometroko bidegorri sarean pauso batzuk eman barik daude oraindik; zati batzuk lotzea falta da, adibidez. Baina hobekuntzarik ere badabil egiten udala. Hizkuntza Eskolaren ondoan, Zubiaurreta eta Intxaurrondo kaleen artean, aparkalekua aldatzen hasi dira asteon, eta, baterian beharrean, lerroan aparkatu beharko da aurrerantzean. Horrela, bidegorrian doazenentzako espazio gehiago sortu, eta segurtasuna hobetu gura dute.

Bestalde, bizikleten, oinezkoen eta autoen trafiko handia dago Montevideo kalean, Sapuetxe ondoko pasabidean. Joan zen eguenean istripu bat egon zen bertan, eta herritar batek ingurua egoera txarrean dagoela salatu du udaletxean. Udalak erantzun dio gune hori behin-
behinekoa dela, obrak egiteko daudelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!